GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elorrioko Alkatetzak batzokiari eta udal lokal bati egindako erasoak gaitzetsi ditu

p017_f01_149x109.jpg

Jon ADAN | ELORRIO

Atzo goizaldean Elorrion gertatutako ekintza bandalikoak «kementsu gaitzetsi zituen» Elorrioko Alkatetzak. Gertakarien ondorioz, batzokiko fatxadan kalte arin batzuk izan ziren, eta musikako entsegu lokal bat kiskalita geratu zen eta edukiontzi bat erreta.

«Gaitzesgarria da gure kaleetan biolentzia mota hau jasan behar izatea, elkarrekin bakean bizitzeko garaia baita», nabarmendu zuen Ana Otadui Elorrioko alkate jeltzaleak. Gainera, gertatutakoaren gaineko «iritzi emate argia» eskatu zien talde politiko guztiei (Udala, Bilduko sei zinegotzi, EAJko sei zinegotzi eta PPko zinegotzi batekin osatuta dago).

Gertakariak atzo goizaldean izan ziren, 1.30 eta2.00ak bitartean. Bi enkaputxatu herriko batzokiaren kristala apurtzen saiatu ziren, Urarka kalean, barrura lehergailu su-eragile bat botatzeko. Dena den, segurtasun beira zuenez, erasotzaileek ezin izan zuten leihoa hautsi, eta zulatzea lortu bazuten ere, ez zen nahikoa izan material su-eragilea hortik sartzeko. Horrek eta auzotar bat bertaratu izanak eragotzi zuten bi lagunek euren helburua lortzea. Goizean, pospoloak eta likido sukoia zuen botila bat aurkitu zituen Ertzaintzak eraikinaren kanpoan.

Minutu batzuk beranduago, ordu biak aldera, enkaputxatuek Ortuburu kalean dagoen lokal bat erre zuten. Leku hori musika taldeek entseguetarako erabiltzen zuten, eta barrua kiskalita geratu zen suaren eraginez. Kasu horretan, suhiltzaileen esku-hartzea beharrezkoa izan zen sutea itzaltzeko. Ez zen lokala hustu beharrik izan, eta ez zen zauriturik egon.

Erasoaren egileek edukiontzi bat ere erre zuten, eta ibilgailu partikular bat erretzen ere saiatu ziren.

Alderdien erreakzioak

Atzokoan alderdi politikoen erreakzio katea piztu zen. Rodolfo Ares Barne Lakuako Barne sailburuak adierazi zuen, Ertzaintzak egindako lehen ikerketen arabera, atzo goizaldean Elorrion gertatutako erasoak ez direla «kale borroka» ekintzak izan. Hala ere, ikerketak oraindik zabalik jarraitzen duela ziurtatu zuen.

EAJren Bizkaiko Buru Batzarrak «gaitzespenik sendoena» adierazi nahi izan zuen atzo goizaldean Elorrioko batzokiaren eta udalerriko beste instalazioen kontra egin ziren eraso horien aurrean. Ohartarazi zuenez, gaitz-erdi kalte materialak baino ez zirela izan, eta inor ez zela zauritu. Azkenik, gainerako alderdi politikoei, batez ere Bilduri, «gertaera onartezin horren aurrean» zer jarrera duten argitzeko eskatu zien.

Bestalde, Carlos Garcia, Elorrioko Alderdi Popularreko zinegotziak batzokiari egindako erasoa eta gainerakoak gaitzetsi zituen, «gertaera bakarrak izatea espero dugu», eta atzerapauso bat ez izatearen eta iraganera ez itzultzearen alde agertu zen.

Bizkaiko Aralarrek ere bere elkartasuna agertu nahi izan zien Elorrioko EAJri eta kalteren bat pairatu duten herritarrei, «gertaera horiek ez baitatoz bat bizi dugun garai hauetan besteengana izan behar dugun errespetuarekin» adierazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo