GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Man Ray Miarritzen

1926an Man Rayk film abangoardista bat osatu zuen, «Emak Bakia» izenekoa. Miarritz inguruan egin zuen filmaketa, eta artista estatubatuarraren esanetan, «Emak Bakia» ostatu hartu zuen etxearen izena zen. Filmeko hainbat eszena ere bertan grabatu zituen. 83 urte geroago, Oskar Alegria etxe horren bila abiatu da, euskal kostaldean zehar. Ez da zeregin erraza izan. Artxiboetan ez da haren kokalekuaren aipamenik egiten, eta Man Rayk grabaturiko irudietan ate nagusia, leiho bakarra eta bi koloma baino ez dira azaltzen, behin ere ez etxe osoa. Hala ere, filman eraikitze prozesurik jasan ez duen kostalde zati bat agertzen da, Alegriari etxea aurkitzen lagundu diona. Irudia surflari batzuei erakutsi, eta haiek, zalantza izpirik agertu gabe, hura Miarritz zela esan zioten nafarrari. Eta hala hasi zen grabaketa prozesua.

Oskarren arabera, «Emak Bakiaren bila» zoriari buruzko filma da. «Gustuko izan ala ez, zoriak logika handia du. Cortazarrek esaten zuen zoriak ondo egiten dituela gauzak. Lanabesa da, eltzegilearen buztinari bezala forma eman ahal diozu, gehiegi manipulatu gabe apurtu daitekeelako».

Oskarren aurreko lana, Parisen eraikitzen ari ziren jatetxe bati buruzko «Architecture et nourriture» hainbat zinema jaialditan izan zen. «Emak Bakiaren bila» bera Buenos Airesko Zinema Independentearen Nazioarteko Jaialdian izan da jadanik, eta hurrengo asteetan Mexikon zein Edinburgon ikusgai egongo da.

Artista arima duen kazetaria da Oskar. Albistea non den antzeman eta, aldi berean, hari forma poetikoa emateko gai da bere begia. Espero dezagun bere azken lana Donostian izatea. Zabaltegin, agian?