GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega | Gipuzkoako Txapelketa

Juanjoxe Lizasoren buruan jarraituko du txapelak

Juanjoxe Lizaso asteasuarrak ondoz ondoko hirugarren urtez jantzi du herrialdeko txapela.

p043_f01_435x543.jpg

Jon LEUNDA

Juanjoxe Lizaso asteasuarrak elkarren segidako hirugarrenez lortu zuen herenegun Gipuzkoako txapela. Ehun bat lagun baino ez ziren batu finala ikustera Pikoketako belardietan. Eguraldi petralak, eta Urrezko Aizkorako finalen egun eta ordu berean izateak kalte dezente egin zion.

Hiru segalari lehiatu ziren herrialdeko finalean, eta bakoitzak zazpina sail zituen prestatuta, eta Lizaso txapeldunari gutxi falta izan zitzaion zazpigarren sail hori ere bukatzeko.

Hain zuzen ere, Lizasok hartu zuen aurrea lehen sailetik, eta postu horretan jardun zuen txapelketa amaitu arte. Jakina, lehen postuan sail eta denborei dagokienez, baina txapelketa kilotara erabaki behar zen, ohi bezala; eta horretan ere aise gailendu zen Lizaso. Nagusi, beraz, bai sailetan, bai denboretan, eta amaieran, pisuan ere bai. Dena dela, saioa amaitu, eta belar-biltzaileek euren lanak amaitu zituztenean, denek garbi zeukaten txapela zeinek jantzi behar zuen, eta horrelaxe izan zen, ez baitzen ezusterik izan.

Bigarren postuak ere jabea izan zuen hastapenetik. Alkortak ezin izan zion Lizasori jarraitu, baina Etxeberriari ere aldea kenduz joan zen sailetan. Honelakoetan, ordea, sailak pasatzeak bakarrik ez du ezer esan nahi, kiloak lortu behar baitira, baina hor ere Asteasukoa nagusi izan zen, eta amaieran bigarren posturako ere ez zen ezusterik izan, Alkortak amaitu baitzuen Juanjoxe Lizasoren atzetik. Etxeberria ere ahalegindu zen aurrekoei jarraitzen, baina ezin izan zuen. Belarra behetik mozten saiatzen zen, baina azkenean kilotan ere besteek ebaki zutena baino gutxiago ebaki zuen, eta azkeneko postuarekin konformatu behar izan zuen, nahiz eta ez zuen batere lan txarra egin. Bera zen lehiaketako berria, gainera. Hiru segalariek belarra oso txukun ebaki zuten, eta amaieran epaileek ez zuten finalean aritu ziren hiruretako inor zigortu beharrik izan, eta denek euren lanak amaitu zituztenean, belardiaren itxura bikaina zen, eta hori da ederrena.

Hemendik aurrera iraupen proban, jenderik baldin badago, Bizkaian, Araban eta Nafarroan izango dira herrialdeko txapelketak. Laster, ordea, Euskal Herriko Txapelketa jokatuko da, eta bertan bi kanporaketa jokatuko dira finalaren aurretik.

Nazioarteko eran ere laster hasiko dira txapelketa ofizialak. Almitza elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko Liga ere jadanik hastear dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo