GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate | Alternatibako Mahai Internazionalista

Greziaren duintasuna bestelako Europarako

Zibilizazio krisialdia da bizi duguna, eta ez dugu nahikoa, inondik inora, gogoetarekin edota eustearekin. Erasoari ekin behar diogu eta duintasuna, esperantza, iraultza eta burujabetza eskaini

Ekainaren 17an hauteskunde orokorrak izango dira Grezian. Prozesua bereziki garrantzitsua izango da Europarentzat, baina baita Europako ezker osoarentzat ere. Izan ere, finantzen merkatuaren eztandaz geroztik, mugimendu sozialen eta alderdi politikoen erresistentziaren zein erantzun sendoez gain, honakoa aukera ezin hobea izango da Merkelen estrategia ultraliberalari, NDFri eta haiek sortutako proiektu europarrari zuzenean aurre egiteko. Ezkertiar guztiok itxaropenez ikusten dugu Grezia, eta bereziki hauteskundeak irabaz ditzakeen Syriza ezkerreko koalizioa, batez ere EBren xantaiaren aurka agertu delako.

Igandean ez da soilik jokoan egongo Europak estrategia bera jarraituko duen ala ez, alegia greziarrei -gero eta pobrezia eta zapalkuntza handiagoa pairatzen ari direnak- lapurtzen jarraitzea, ez. Azken finean, datorren igandean erabakiko dena, lapurretaz, iruzurraz eta errua pairatzeaz nekatuta dauden herritarren eraginez orain arte ezagutu dugun Europa bera, kapitalarena eta merkatariena, eraldatzen hasiko ote den izango da. Horregatik, igande honetan guztiok parte hartuko dugu Greziako hauteskundeetan.

Hau guztia proiektu ultraliberala babesten duten guztiek ere ulertu dute eta, horrexegatik, desinformazio kanpaina ikaragarriarekin Greziako herritarrak nahastu nahi dituzte, beldurra sustatuz eta proposamen alternatiboen aurkako jarrerak piztuz. Hala, Europako buruzagi guztiek Syrizaren garaipena euroaren irteerarekin lotu nahi izan dute, eta komunikazio talde guztiek Alexis Tsiprasen irudia eraldatu nahi izan dute boltxebike, erradikal, Mediterraneoko Chavez, eta abarrekoekin iraindu nahian. Baina oztopo guztien gainetik, Europako herritarrek jakin behar dute, programa iraultzailea izan gabe, Syrizaren proposamena, euren leloak esaten duen bezala, duintasunez eta esperantzaz beteta dagoela. Haien proposamena hiru lerro nagusietan laburbil genezake: lehena, troika delakoak sinatutako hitzarmenak bertan behera uztea, murrizketetan oinarritutako politika drakoniarrak bultzatu zituenak eta hauteskundeak irabaziz gero baztertuko liratekeenak; bigarrena, sektore estrategikoak kapitalaren eskuetatik kentzea, bankuen eta bestelako sektore estrategikoen nazionalizazioaren bitartez; eta hirugarrena, xantaiarik gabe zorra berriz negoziatzea, kontu-ikuskapen bat eginez, zor horren zein zati den zilegi eta zein ez zehazteko, duela zenbait urte Ekuadorren egin zen bezalaxe, Herritarren Iraultza gertatu zenean.

Programa, bere horretan, Europako proiektu hegemonikoarentzat erronka bat da: aski dela esaten duen herri bat, euren krisia eurek ordain dezatela esaten duena, eta kapitalarekin aurrez aurre negoziatu duena. Era berean, ezkerrak indarrak metatzeko aukera bat eskaintzen du, eskubideen Europa baten alde, demokrazia parte hartzailearen alde, kapitalismoari eta sistema ekonomiko bidegabe honen inguruan sortutako sistema menperatzaile anitzari aurre egitearen alde. Gure bokazio internazionalista berreskuratu beharra dugu eta gutxienekoetan oinarritutako agenda komuna proposatu: Europako sare instituzionalaren demokratizazioa; EBZ eta estatu ezberdinen banku zentralak publiko bihurtzea; zorraren kontu-ikuskapen osoa; egitura ekonomiko baztertzaile batean txanpon bakarraren zeregina zein den eztabaidatzea, lehentasun politikoa desberdintasunen aurkako borroka izanik; defizitak ez zigortzea eta bai, ordea, superabitak, hauek langileriari eta ez finantza burbuilari eskaintzera behartuz; Nekazaritzako Politika Bateratua (NPB) behin betiko indargabetzea elikadura subiranotasunaren alde; lanaren banaketaren alde egitea, produktiboa zein erreproduktiboa, arduren banaketaren printzipioan oinarrituta; Europako herri eta nazioen autodeterminazio eskubidearen aitorpena.

Agenda alternatibo honek, Syriza eta Greziako ezkerraren erreferente denak, ahaleginak eta borrokak bateratzea eta proiektu politikoak aurrez aurre jartzea ahalbidetu behar digu. Zibilizazio krisialdia da bizi duguna, eta ez dugu nahikoa, inondik inora, gogoetarekin edota eustearekin. Erasoari ekin behar diogu eta duintasuna, esperantza, iraultza eta burujabetza eskaini. Has gaitezen igande honetan. Guztiok Syrizarekin!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo