GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Eako Poesia Egunetan, «poesia hutsa edo azukreagaz», baina deskafeinaturik ez

Uztailaren 13tik 15era ospatuko dira aurtengo Eako Poesia Egunak. Arestiren koplak, hitzaldiak eta kontzertuak izango dira, besteak beste. «Poesia hutsa edo azukreagaz?» galdera luzatu dute antolatzaileek.

p053_f02_148x71.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Zein leku eta zein paper jokatu behar du poesiak? «Maiz izaten dugu idazleon artean eztabaida. Poesia gizartetik kanpo eta asmo estetiko batekin egin behar den edo gizarte gaiei lotuta egon behar den. Edo baita poesia etxean irakurtzeko zerbait den edo beste adierazpide batzuekin lotuta joan daiteken», esan zuen atzo Castillo Suarez idazleak, Eako Poesia Egunak antolatzen dabilen idazle taldearen izenean. Hortik aurtengo topaketen leloak luzatu duen galdera: «Poesia hutsik edo azukreagaz?».

Hitzen bidezko erantzunik ez zuten eman atzoko aurkezpenean baina egitarauari begiratu besterik ez dago, deskafeinatutik izan ezik, gustu guztietarako ekintza eta emanaldiak prestatu dituztela ikusteko. Ostiralean, Xabier Amurizak abiaraziko du aurtengo edizioa. «Arestiren koplak ahoan» deitutako hitzaldi eta errezitaldia eskainiko du, Arestiren estiloa eta teknika azalduz eta bere kopla propioekin tartekatuz.

Arestiren hitzak presente egongo dira ondoren Norte Apacheren kontzertuan ere, rapeatuz abestuko ditu Ezkerraldetik iritsiko den taldeak, euren kantuekin batera.

Larunbatean, goizetik izango da mugimendua Ean. Mikel Elortzak «LP bat poema» hitzaldia eskainiko du, autore klasikoetatik hasi eta oraingoetaraino, musikaren bidez ezagun egin diren poemak errepasatuz.

Gosea egiten joateko, «Idazleak irakurle» poema errezitaldia izango da Iñigo Astiz, Ione Gorostarzu, Jon Gerediaga eta Yolanda Castaño idazleekin. Azken hori da, hain zuzen, aurtengo gonbidatu berezia. Poeta, filologo, bideo-sortzaile, zutabegile eta eragile aktiboa da Galiziako kultur bizitzan eta bere poema liburuak galegoz eta gaztelaniaz argitaratzen ditu. Igandean hitzaldia eskainiko du gainera.

Mikel Lasa bertan izango da

«Erabat ezberdinak ziren. Bi bide paralelo zituzten baina bazuten elkarren berri eta biek miresten zuten elkar», esan zuen Suarezek, Mikel Lasa eta Gabriel Aresti gogoan. Larunbatean, Lasa Ean izango dela aurreratu zuten, Edorta Jimenezek gidatutako solasaldi musikatuan.

Iñigo Aranbarrik Earako propio idatzitako «Munduan beste» antzerkia eta iaz Lekeition estreinatutako «Sarritsasoa» -oraingoan Eako umeen laguntzarekin- izango dira arratsaldez eta Joseba Sarrionandiaren poema musikatuekin emango diote segida Ruper Ordorikak eta Jon Pirisek.

Igandean, Castañoren hitzaldiaren ondoren, Leire Bilbaok bere «Scanner» liburuko poemen errezitaldia eskainiko du musikaz lagunduta, eta, arratsalderako, «Ezohiko poema errezitaldia: Ez dok/n armairu» iragarri dute, Mikel Ayerbe, Ibon Egaña, Angel Erro, Kattalin Miner eta Juanjo Olasagarrerekin.

Aipatu, bestalde, iaz abiatu zuten «Zaldiarri» argitalpenekin jarraitu dutela. Aurten bi lan osatu dituzte: Koldo Izagirreren «Emakumeak trena hartu zuenekoa» (orain lau urte Ean aurkeztua) eta Harkaitz Canoren «Ene diarioak eta izkiriaturik aurkitu ditudanak» (iaz Talan egindako saioa biltzen duena).

Egitaraua

OSTIRALA, 13:

Hitzaldia eta errezitaldia: «Arestiren koplak ahoan». Xabier Amuriza. 19.30.

Kontzertua: «Poemak errezitatzen». Norte Apache. 22.30.

LARUNBATA, 14:

Hitzaldia: «LP bat poema». Mikel Elortza. 10.30.

Poema errezitaldia: «Idazleak irakurle». Yolanda Castaño, Jon Gerediaga, Ione Gorostarzu, Iñigo Astiz. Musikariak: The Soul Stompers. 13.00.

Herri bazkaria. 15.00.

Solasaldi musikatua: «Mikel Lasa gure artean». Edorta Jimenez, Garazi Izagirre, Itziar Etxegia. 16.30.

Antzerkia: «Munduan beste». Labea laborategia, Iñigo Aranbarri. 19.00.

Kale antzezlana: «Sarritsasoa». Dantzaz konpainia eta Biraka dantza taldea, Eako umeen laguntzaz. 22.30.

Kontzertua: «Oroimenaren mapa». Ruper Ordorika eta Jon Piris. 23.30.

IGANDEA, 15:

Hitzaldia: «Poetika eta poemak: Landa sakontasunezko ikuspegia». Yolanda Castaño. 11.30.

Poema errezitaldia: «Scanner». Leire Bilbao eta Domentx Uzin. 13.00.

Herri bazkaria. 15.00.

Ezohiko poema errezitaldia: «Ez dok/n armairu». Mikel Ayerbe, Ibon Egaña, Angel Erro, Kattalin Miner, Juanjo Olasagarre... 17.15.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo