GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Diru laguntzarik gabe ere, egitarau zabalarekin abiatuko dira gaur Gasteizko Errota auzoko jaiak

Gaur hasiko dira Gasteizko Errota auzoko jaiak Errotarria saguzarraren jaitsierarekin. Aurten ez dute oraindik diru laguntzarik jaso, eta, horrenbestez, auzolanari eskerrak atera ahal izan dute aurrera egitaraua.

p056_f03_053x100.jpg

Iris MURILLO | GASTEIZ

Gasteizko Errota auzoko jaiak hasi dira jada eta Fernando Antia Jai Batzordeko kideak jakinarazi duenaren arabera, aurten diru laguntzarik gabe bete prestatu behar izan dute egitaraua. Antiak azaldu duenez, iturri ofizialek «oraindik ez dute jakinarazi noiz jasoko dugun diru laguntza, ezta jasoko dugun ere». Ondorioz, Errotako jaiak auzolanaren indarrari esker atera behar izan dituzte aurrera. Tamalez. «Ekimen asko alde batera utzi behar izan ditugu; adibidez, fanfarrea eta berbena», azpimarratu du 20 urtez auzoko Jai Batzordeko kide izan denak.

Baina Antiak argi dauka: «Nola edo hala auzoko jaiak aurrera aterako ditugu». Horrela, gaur, 18.30ak aldera, Gorbeia mendiko Mairulegorretako kobazulotik jaitsiko da Errotarria saguzarra auzoko jaiei hasiera ofiziala emateko.

Jai Batzordeak gogoz atondu du egitaraua eta asteburua ekimenez josita egongo da. Errotarriaren jaitsieraren ondoren, buruhandiak agertuko dira Santo Domingo enparantzan ume guztien atzetik joateko. Korrika egin eta gero, gosea baretzeko txokolatada oparoa prestatuko dute auzokoek. Ondoren, murrizketak salatzeko asmoz, mobilizazio zaratatsua prestatu dute auzokideek. Bertan, Errota Zaharra inoiz baino gazteagoa dela eta inoiz baino biziago dagoela erakutsiko dute.

Auzo koloretsua

Horrekin batera, edozein auzotako jaietan bezala, kontzertuak eta txosnak ez direla faltako gogorarazi du Fernando Antiak, baita nahi duten herritar guztiak bertaratzera gonbidatuta daudela ere.

Aste honetan hainbat ekimen prestatu dituzte Errotan «auzoko merkatariei eta jendeari esker», dio Antiak. Adibidez, tapeo internazionalista egin zuten astelehenean. Fernando Antiak salatutakoaren arabera, «hedabideetan Errota auzoa leku gatazkatsu gisa irudikatu ohi dute, hainbat jatorritako auzotarrak bizi direlako». Era berean, «erakundeetako arduradunek integrazioa behar dela diote behin eta berriro», baina, bere ustez, bizikidetasuna da benetan bultzatu behar dena. «Hori lortzeko helburuarekin egin zen tapeo internazionalista», dio Antiak. Bertan, etorkinek beren janari tipikoak prestatu eta auzoko tabernetan eskaini zituzten. «Azken batean, nork bere kultura dauka eta hori mantentzea eta elkar ezagutaraztea da garrantzitsuena».

HAURRAK JAIETAN

Errota auzoko Santo Domingo plazan jai giroa nabari zen jada atzo. Bertan, haurrak izan ziren protagonista, tartean Ainara Gallastegi 4 urteko neskatila. Primeran pasatu zuen: «Musika entzutea eta lagunekin egotea da gehien gustatzen zaidana».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo