Udate
Udalerri osoa hamaika istorioren lekuko bilakatuko du hilabetez Getxophotok
Getxophoto nazioarteko argazkigintza jaialdiak, «Umeei gorazarre» lematzat hartuta, hemezortzi argazkilariren berrehun lan zabaldu ditu udalerri osoan, «gizakia arduratzen duten gaiak sozializatzeko eta argazkien bidez erantzuna emateko». Guztira, hogei dira mota guztietako euskarriak baliatuz irailaren 30era arte ikusgai dauden erakusketak. Aurtengoa Kalero komisarioaren zuzendaritzapean garatutako gorazarre trilogiaren azken kapitulua dugu.
Alvaro HILARIO | GETXO
Kontainerrak eta panelak euskarri dituzten Jill Greenbergen eta Vee Speersen argazkiek babestuta, aurkeztu zuten atzo, Ereaga hondartzan, Getxophoto nazioarteko argazkigintza jaialdiaren seigarren edizioa, «Umeei gorazarre» gaia dakarkiguna eta irailaren 30era arte ikusgai izango dena.
Hamabost herrialdetako hamazortzi argazkilariek eta talde batek egindako berrehun argazkiek haurtzaroaren gaineko begirada osatzen dute, eta jaialdiak Getxoko kaleetan jarri du ikusgai, Ereaga hondartzatik Portu Zaharrerako tartea ardatz fisiko duelarik. Ezaguna denez, kaleak arte-galeria bihurtzea da Getxophoto jaialdiaren ezaugarri nagusietako bat, baita horretarako mota guztietako euskarriak erabiltzea ere.
Begihandi elkarteak antolatuta eta Udalak babestuta, hogei erakusketa, tailerrak eta beste hainbat ekimen dakartza aurtengo Getxophotok.
«Umeei gorazarre» honek Frank Kalero komisarioak garatutako trilogiari amaiera emango dio. Aurreko beste bi gorazarreak aisiari eta zaharrei eskainiak izan ziren.
Kontaketak sozializatu
Pozarren agertu ziren atzoko aurkezpenean Getxophotoko zuzendari Jokin Aspuru, udalerriko Kultura zinegotzi Koldo Iturbe eta Fran Kalero komisarioa, Aspururen esanetan «urtean zehar egindako lana gauzatzen hasia delako».
Haurtzaroa da aurtengo nazioarteko argazkigintza jaialdi honen gaia: «Haurtzaroaren gaineko begirada dakar Getxophotok; baina begirada partziala da hau, Mendebaldeko umeak baino agertzen ez direlako», adierazi zuen Jokin Aspuruk, hirugarren munduan haurrek pairatutako egoerak zerrendatu eta nabarmendu ahala.
Alboko argazkiei begiratuz, «Getxophoto jaialdi berezia» dela adierazi zuen. Besteak beste, posibleak diren euskarri mota guztiak erabili ez ezik (kontainerrak, elastikoak edota edontzi-azpikoak, esaterako), udalerriko kaleak arte-galeria bilakatzen ditu jaialdiak: «Eremu publikoak zergatik erabiltzen ditugun azaltzea garrantzitsua da: urtean zehar batutako diskurtsoak sozializatu nahi ditugu. Izan ere, gizartean ardura sortzen duten edota gogokoak izaten diren gaien inguruko kontaketa egin nahi dugu, kezka horiei argazkiaren bidezko erantzuna ematen diegularik», esan zuen Aspuruk.
Hamazortzi dira aurten Getxora beren lanak ekarri dituzten argazkilariak. Horiek guztiak maila handikoak izan arren, hiru egile nabarmendu ditu Aspuruk: Magnum agentziako Alessandra Sanguinetti argentinarra, AEBetan bizi den O Zhang txinatarra, eta Jon Uriarte hondarribiarra. Sanguinettik Guille eta Belinda lehengusinen arteko istorioa ekarri du, eta AEBetan adoptatutako umeen ingurukoa, gurasoen eta seme-alaben maitasun istorioa, O Zhangek.
Bestalde, jaialdiak bertoko edo gertuko egileen alde egiten duen apustuaren isla, Jon Uriartek familia-albuma gizakiaren norbanako memoria eraikitzeko tresna dela erakutsi nahi izan du Getxoko kultur aretoan ikusgai duen lanarekin.
Trilogia
Getxophotoren filosofia da komisarioari hiru urteko epea ematea, bere ideiak nahiz diskurtsoa azaltzeko denbora nahiko izan dezan. Lehen hirurtekoa Alejandro Castelloteren ardura izan zen, eta Frank Kalerorena, berriz, aurten bukatuko den bigarrengo hau. Kalerok hiru urteko zikloa -aisiaren, zaharren eta umeen gorazarreek osatutako trilogia- ixten du, programazio mailan lokarri bat, helburu bat, izan duena: bizitzako garai desberdinetan gizakien askatasunaren erretratua eskaintzea.
Aurtengo gaia haurtzaroa da, baina lanek ez dute zertan atseginak izan. Kalerok honela azaltzen du katalogoan: «Helduak haurtzaroaren inguruan duen ideia bere seme-alabengan proiektatu du, bere estereotipoak, fantasiak eta dementziak proiektatu ditu, eta arau, haurtzaindegi, ipuin-liburu eta parke tematiko itxura eman die. Ume guztiei sinetsarazi die `hori' dela haurra izatea».
Getxophotok ekarritako argazkiak, azken batean, umeen gainean helduek eginiko lanak dira. Jokin Aspuruk Udalaren lana eskertu nahi izan zuen, krisialdia gainean dugun arren, urteroko diru laguntzari eutsi diolako.
«Haurtzaroaren gaineko begirada dakar Getxophotok; baina begirada partziala da hau, Mendebaldeko umeak baino agertzen ez direlako. Irudi atseginak eta gogorrak daude», azaldu zuen Jokin Aspuruk, Getxophotoko zuzendariak.
Getxophoto jaialdi berezia da. Besteak beste, erabili ahal dituzten euskarri mota guztiak erabiltzen dituzte (kontainerrak, elastikoak edota edontzi-azpikoak, esaterako), eta horrez gain, udalerriko kaleak arte-galeria bilakatzen ditu jaialdiak.
«Helduak haurtzaroaren inguruan duen ideia bere seme-alabengan proiektatu du, bere estereotipoak, fantasiak eta dementziak proiektatu ditu, eta arau, haurtzaindegi, ipuin-liburu eta parke tematiko itxura eman die».
Erakusketak irailaren 30era arte ikusgai egongo diren arren, Getxophotok antolatutako bestelako ekimen gehienak (tailerrak, bisita gidatuak, egileekin solasaldiak, besteak beste) abuztuaren 30etik irailaren 2ra izango dira.
Portu Zaharrean dagoen «sireno»-ren aita Marcos Lopez argentinarrak «Pop realismo criollo» tailerra emango du ostiralean eta larunbatean. Bertan, argazki errealismoa eta antzerki muntaia konbinatuz, errealitate espezifiko bat irudikatzeko era ezberdinez hitz egingo dute. Parte-hartzaileek banaka zein taldean aritzeko aukera dute, betiere argazki bat sortzeko, beraien irudimena erabiliz Getxori pop tributua eskainiz.
Ostiralean, 20.00etan, Areetako Andres Isasi musika eskolan izango da Getxophoto zabalduko duen Opening ekimena: parte hartuko duten egileetako batzuek beren lana proiektatu eta aurkeztuko dute, besteak beste Jill Greenberg, Jon Uriarte, Javier Tles, Paola de Grenet, Jacqueline Roberts, Sofie Knijff edo Mentalgassi. Ondoren, Roger Ballen-en lanaren proiekzioa egingo dute.
Herritarren parte-hartzea «Etorkizunari gorazarre» ekimenaren eskutik dator: jendeak bidalitako argazki guztiak proiektatuko dituzte Torrenen, eta irudi horietako 30 -onenak- Euskal Herria eta Basagoiti kaleetako zenbait saltokitako erakusleihotan jarriko dituzte.
Abuztuaren 30erako, Photowalk antolatu dute: argazkilaritzako hainbat profesionalen lan espazioak ezagutzeko txangoa da. Aurten Bilboko Photo Gallery 20 argazkigintzan espezializaturiko galeria eta Vicente Paredes argazkilariaren estudiora egingo dute bisita.
A.H.