Bidegabekeriari ahal duten arte eusteko saioa
Auzitegi Nazional espainola Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/ 2006 doktrinaz eman zuen epaia aztertzen hasi zen atzo eta atzo bertan erabaki zuen eztabaida urriaren 10ean jarraitzea. Egun horretantxe agortuko da Estrasburgoren ebazpenaren aurka helegitea aurkezteko epea. Iosu Uribetxebarria aske uzteko ere epe guztiak agortu zituzten, eta berdin egiten ari dira Europak bidegabea dela dioen doktrina bertan behera utzi baino lehen. Madrilgo Gobernuak, Fiskaltzak eta Auzitegi Nazionalak ondo dakite doktrina hori bidegabea eta gainera hura baliogabetzea saihetsezina dela eta, hala ere, beharbada saihetsezina delako, bidegabekeria luzatzen saiatzen dira. Dozenaka euskal preso politikok kalean izan beharko lukete, haietako batzuek duela hainbat urtetik; horregatik, ulertzekoa da Estrasburgoko auzitegiak Estatu espainolak Ines del Rio lehenbailehen askatzea bermatu behar duela esan izana. Baina Madrilek ez du presarik. Aitzitik, denbora luzez atxiki ezingo dituen preso horiei egindako bidegabekeria ahalik eta gehien luzatzen saiatuko da. Esanguratsua izan zen Gobernu espainolaren erantzuna Europaren ebazpenaren berri jakin zuenean: ez zuela gauzatuko. Denbora behar zuen, denbora behar du Auzitegi Nazionalak ere, baina ez saihetsezina dena saihesteko, mendekua oinarri duen politika bati ahal duten arte eusteko baizik.