«Pilota txapelak baino askoz gehiago da, nik betirako lagun asko egin ditut»
Pilotaria
Hamabost urtez pilota profesionalean aritu ostean, gaur jokatuko du Iñaki Otxandorenak (Mugairi, 1977-05-06) bere azkeneko partida Asegarcerekin. Saralegi aurrean duela, Rico IV eta Iñaki Izaren aurka jokatuko du, enpresan gertatzen ari den belaunaldi aldaketaren lekuko gisa. Hori bai, bizitzeko beste ogibide bat bilatu beharko duen arren, oraindik ez du ezer, pilotan jokatzen jarraitu nahi du.
Jon ORMAZABAL
Aspaldian ez bezala, Iñaki Otxandorenaren telefonoak kazetarien dei ugari jaso ditu azken asteetan. Betiko umiltasun eta naturaltasunez, entrenamendu baten ostean erantzun dio atzelariak GARAren deiari.
Uzteko garaia heldu zaio Iñaki Otxandorenari edo jarraitzeko modurik ez dizute utzi?
Bueno, momentua heldu dela uste izan dute. Gauzak nola dauden ikusita, enpresak lehen baino okerrago daude eta pentsatzekoa zen horrelako zerbait gerta zitekeela. Kontratua berritzea ez zait unerik onenean tokatu eta, gauzak barrutik ikusita, banekien halakorik gerta zitekeela.
Jarraitzeko aukera eman izan balidate, gustura jarraituko nukeen, oraindik sasoia eta jokatzeko ilusioa ditut eta, baina gauzek amaiera bat dute, enpresak erabaki du ez ninduela behar eta kito, ez dizkiot buelta gehiago emango.
Mikel eta Fernando Goñik, Patxi Eugik eta zurekin profesionaletan aritutako beste pilotari batzuek Garfe-ren tankerako enpresetan jokatzen dute. Probatzeko asmorik?
Nik oraindik jokatzeko gogoa badaukat. Bizi osoa daramat honetan eta pilota kolpez utzi beharrak min handia egingo lidake. Oraindik pilotan jokatzeko eta kirola egiteko gogoa ditut; beraz, jokatzen jarraitu nahi dut. Badaude beste zerbitzu bat ematen duten beste enpresa batzuk eta ea beraiekin jokatzeko modua dudan.
Neguko garaian, gauza zailagoa izaten da, baina udan denentzat partidak eta festibalak egoten direla uste dut. Aipatutako horiek gustura dabiltzala ematen du eta hor saiatuko gara ea tokirik badaukagun.
Enpresa handietan gero eta toki gutxiago geratzen da garai batean «enpresako pilotari» esaten zitzaien horientzat?
Bai, hala ematen du. Gero eta jaialdi gutxiago egoten dira urtean zehar. Izar asko daude edo etorkizunean izar izan daitezkeenak, eta gainontzekooi kosta egiten zaigu toki bat egitea.
Ni «enpresako pilotari» gisa definitu izan ninduten eta uste dut horixe izan naizela, edozein tokitan jokatzeko prest egon naizenetakoa. Eskuko minagatik ez jokatutako partida batzuk kenduta, programatu nauten guztietan jokatu izan dut. Pilotaria jokatzen aritzen da gustura, jarraitutasuna izan dut eta, alde horretatik, pena pixka bat ematen du, bai, hori dena atzean uzteak.
Balantzea egiterakoan, egindakoarekin pozik? Gehiago edo gutxiago egitea espero zenuen afizionatuetatik salto egin zenuenean?
Tira, egia esan, txikitan beti amesten duzu txapelen bat irabaztea eta amets hori ezin izan dut bete. Baina txapelak pilotaren zati txiki bat baino ez dira. Pilotak momentu on asko eta lagun handi asko eman dizkit, betirako izango direnak. Etapa honetatik horixe eramango dut, partidetatik kanpo zegoen guzti hori. Aldageletako giroa sekulakoa da eta horrekin guztiarekin oso ondo pasatu dut.
Hasi zinenetik hona pilota asko aldatu da? Zertan gehien?
Gauza askotan aldatu da. Pilotak, materiala, aldatu da, baina batez ere jokatzeko modua izugarri aldatu da, aurrelariak orain lehen baino askoz erasokorragoak dira. Juan Martinez de Irujoren sarrerak pilota erabat aldatu zuen, batez ere buruz burukoan, baina binakakoan ere nabaritzen da aldaketa hori, airez eta sotamanoz askoz gehiago sartzen dira aurrelariak. Orokorrean gauza askotan aldatu da, baina esango nuke pilota oso momentu onean dagoela. Pilotari on asko dago eta partida on asko ikusten dira urtean zehar.
Zure unerik onenak 2004-2006 inguru horretan izan ziren, ezta? Iruñeko eta Zarauzko torneoak irabazi eta Binakakoan titular gisa aritu zinenean.
Dudarik gabe, urte horiek izan ziren onenak, orduan jokatu nuen ondoen eta ordukoa izan zen pilotan gehien disfrutatu dudan garaia. Maila polita eman nuen, onenekin jokatzeko aukera izan nuen eta izugarri disfrutatu nuen. Urte horietan nahiko maila polita eman nuen, baina beste maila bateko atzelaria izateko beste kolpe bat behar da, nik izan ez dudana.
Hasi zara pentsatzen zer sentituko duzun Labriten Asegarcerekin jokatzen duzun azken partidan, urduritasunik bai?
Ez, oraingoz nahiko lasai nago -elkarrizketa ostegunean izan zen-. Hori bai, astea apur bat berezia izaten ari da. Azkenaldian elkarrizketak ahaztu samar nituen eta aste honetan askoz gehiago izan dira; une batzuetan telefonoa jo eta jo aritu da. Egun desberdina izango da, sentimendu handiko uneak egongo dira eta ea itxura on bat ematerik daukagun, eta ahal bada, partida irabazi.