GARA > Idatzia > Kultura

«Mussche», gerrako haurren istorioa beste begi batzuekin ikusteko nobela

Kirmen Uribe idazleak Euskal Herritik gerraren izutik ihesean joan behar izan zuten umeen istorioa kontatu nahi zuen, baina ez zuen sentimentalismoan erori nahi. Robert Musscheren berri izan zuenean harrera familien ikuspuntua lantzea erabaki zuen.

p050_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Kirmen Uribek «Mussche», bere bigarren eleberria, kaleratu du Susa argitaletxearekin. «Bilbao- New York-Bilbao» nobela arrakastatsuaren ostean, berriro animatu da fikzioaren hariei tira egitera, baina oso modu desberdinean. Gerra Zibilaren sarraskiez ihesean Europan zehar sakabanatu ziren euskal haurren gaia jorratu du, baina seme-alaba gisa hartu zituzten familietako bat protagonista bihurtuz. Robert Mussche idazle bokazioa zuen gaztearena, alegia.

Gerrako haurren istorioa kontatu nahi bazuen ere, sentimentalismoan erortzeko arriskua ikusten zuen, eta, Hego Amerikan Robert Musscheren berri izan zuenean, kontatzea merezi zuen istorio interesgarria iruditu zitzaion.

Eleberrian agertzen diren pertsonaia guztiak benetakoak dira, baina kontatzen den guztia ez da egia. «Carmenek -Robert Musscheren alabak- esan zidan ez zuela bere aitaren biografia bat nahi, nobela bat nahi zuela, eta horregatik eszena asko imajinatu egin ditut». Idazleak bezala, irakurleak ere eszena asko imajinatzeko aukera izango du liburua esku artean izatean, xehetasunak emanagatik ez duelako guzti-guztia kontatzen, eta aukera ematen duelako bakoitzak bere interpretazioa egiteko. Aurkezpenean ondarrutarrak benetako datuen berri eman bazuen ere, bere irudimenetik ateratako istoriorik ez zuen aipatu xarma ez apurtzeko.

Hiru bizitza, lotura bat

Robert Mussche Euskal Herritik iritsi ziren haur haietako bat etxean hartu zuen Gante hiriko gizon bat zen. Robert Johan Daisne idazle flandriar ospetsuaren lagun mina izan zen urte luzez, bizitzaren pausoek euren harremana aldatu bazuten ere.

Roberten bizitzaren beste pasarte garrantzitsu bat Vic ezagutu zuen garaikoa da. Berarekin ezkondu eta alaba bat izan zuten elkarrekin; aldiz, alaba jaio eta gutxira nazien kontra borrokatzera joan zen Robert. Estatu espainiarreko Gerra Zibilean lehenengo eta Bigarren Mundu Gerran ondoren askapenaren alde borrokatzeagatik klandestinitatean bizi izan zen denboraldi batean, Hitlerren armadak kontzentrazio esparru batera eraman zuen arte.

«Vic da gehien maite dudan pertsonaia, zalantzarik gabe, berak gorde zituen Roberten gutun, objektu eta dokumentu guztiak bere alabari aita bat eraikitzeko», aipatu zuen Kirmen Uribek protagonista hil egin zela agerian utziz. «Hori konta daiteke, garrantzitsuena gainontzeko pertsonaien erreakzioak dira», azaldu zuen.

Bere ustez nobelaren mezua, funtsean, hiru pertsonaia nagusien eskuzabaltasuna da. Robertena, bere familia utzita herrialdearen eta kulturaren alde hil arte borrokatu zuelako; Vicena, senarrak alde egin behar zuela ulertzeagatik eta bere oroimena bizirik mantentzeko ahalik eta dokumentu gehien gorde zituelako; eta Johanena, idazle arrakastatsua izanda ere bere laguna miresteagatik. «Carmen Mussche ere eskuzabala izan da bere aitaren istorioa kontatzeko aukera eman didalako», bota zuen Uribek amaitzeko.

HEMEN ETA HAN

Kirmen Uribek txikitatik entzun izan ditu gerrako haurren istorioak. Amak kontatzen zizkion lehenengo, eta gero zenbait lekutan erbesteratutako pertsonak ezagutu izan ditu. Kontakizunak kasualitatez iritsi dira berarengana.

Lagunari kontatutako heroiaren ipuina

Kirmen Uribe Ganten izan zen nobela idatziko zuela erabaki baino lehen, baina bertan Carmen Mussche ezagutu eta berak esateko zuen guztia entzun ostean argi izan zuen. Ondoren Ameriketako Estatu Batuetako artistentzako etxe batean izan zen lasaiago lan egiteko, eta, Euskal Herrira itzultzean lan handia egin behar izan bazuen ere, nobelaren lehen bertsioa bertan idatzi zuen, bi hilabete eskasetan. «Barrutik atera zitzaidan, idatzi egin behar nuen».

Idazleak aitortu zuen lagun bati heroi baten istorioa kontatzen ari zaiola nobela honetan, iaz zendu zen Aitzol Aramaio zinemagileari, hain zuzen ere. «Berak eskatu zidan heroi bati buruz idazteko, baina ez zaizkit heroiak, `H' larriarekin, gustatzen; arrastoa uzten duten pertsona hauskorrak gustatzen zaizkit gehiago», kontatu zuen.

Horregatik, Robert Musscheren berri izan zuenean pentsatu zuen istorio hori egokia zela; ezohiko heroi baten ingurukoa zen eta zeharka aspalditik ezagutzen zuen istorio bat kontatzen zuen, gerrako haurrena. Gainera, zenbaitetan bere burua Robert, Vic eta Johanen izaeretan islatua ikusi zuen. N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo