GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Zine Bileraren Zilarrezko Antzarak, jabe bila Lekeition

35. Euskal Zine Bilera gaur amaituko da, amaiera ekitaldia Urko Aristik aurkeztuko duelarik. Guztira 30 film labur aurkeztu dira lehiaketara, eta, horrez gain, bi film izan dira lehiaketaz kanpo. Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria Lekeition izango da gaur jaialdia babesteko.

p051_f01_149x89.jpg

GARA | LEKEITIO

Gaur amaituko da azaroaren 26an hasi zen 35. Euskal Zine Bilera. 19.30ean hasiko da Urko Aristik zuzendutako amaiera ekitaldia, eta, bertan, Zilarrezko Antzarak jasoko dituzte lehiaketako hiru sailetako irabazleek (argumentuzko lanak, dokumental edo erreportajeak eta sormenezko lanak). Aurten 35 film labur aurkeztu dira eta horietatik 30 lehiatu dira Zilarrezko Antzarak eskuratzeko .

Amaiera ekitaldiaz gain, Lekeitiok azken zinema emanaldiak ere hartuko ditu gaur. Bestalde, aipatu aurtengo epaimahaia Jokin Oregi produktore eta aktoreak, Nostromo zine forumaren zuzendari Kepa Arruzak eta Zuhar Iruretagoiena eta Mario Ortiz Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako irakasleek osatu dutela.

Gaurko ekitaldia

Gaurko amaiera ekitaldian azken lau film laburrak ikusiko dira: «Bazekiten», Juan Bidegainek zuzendua; Iñaki Beraetxeren «Edozer»; Sergio Martinezek eta Naiara Gallegok egindako «Airean»; eta Tello Esnalek zuzendu duen «Hamaiketakoa».

Film laburrak eman ostean, Aukeran dantza taldeak «Haur andaluz bati» ikuskizuna eskainiko du oholtza gainean. Ondoren, Benito Ansola bekak banatuko dira. Bekok 2010. urtean sortu zituen Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Lekeitioko Udalaren laguntzarekin. Benito Ansolak emango du saria. Euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntza emateko asmoz sortu ziren bekok.

Gero, Donostiako Aukeran dantza konpainiak, tradiziozko dantza lengoaia berriak sortuz, «Herria» ikuskizuna eskainiko du. Zilarrezko Antzarak Zuhar Iruretagoienak, Lekeitioko kultura zinegotzi Kepa Arruzak, euskara zinegotzi Xabier Arratek eta alkate Maitane Larraurik emango dituzte.

FILMAK

Aurkeztuko lan profesionalak hamahiru izan dira, eta, amateurrak, aldiz, hamazazpi. Amateurren artean, sormenezko lanak izan dira nagusi, eta, film labur profesionalen artean, berriz, denetarik izan da.

AMAIERA EKITALDIA

Amaierako ekitaldian Zilarrezko Antzaren banaketa ez ezik, Benito Ansola bekak ere emango dira. Aukeran dantza konpainiak izango du ikuskizunen ardura, ekitaldiaren gidaria Urko Aristi izango delarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo