GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira | Lauko Euskal Herriko finala

Ibarra eta Sokarri izan dira urteko azken saioko bi talderik onenak

J.L.

Sokarrik eta Ibarrak irabazi dituzte urteko azkeneko bi txapelak. Herenegun amaitu zen Ibarran Lauko Euskal Herriko Txapelketa, eta emozio handiko tiraldiak izan ziren, batez ere emakumezkoen mailan.

260 kiloko hirugarren eta azken saioa jokatu zen, eta amaierako ekinaldi honetan erabaki behar izan zen dena. Hiru jardunaldiko ligaxka zen, eta aurreko bietan Ibarrak saio bat irabazi zuen, eta bestea, berriz, Badaiotzek. Ikusita beraiek nolako aldea kentzen dieten gainerakoei, garbi zegoen bietakoren batek irabaziko zuela azken saioa ere, baina lehia erabakitzea asko kosta zen.

Gainerako talde guztiei irabazi ostean, elkarren arteko neurketa berdinduta amaitu zen, bakoitzak tiraldi bana irabazita. Gero kitarakoa jokatu behar izan zuten, eta hor ere bakoitzak bana irabazi zuen. Hortaz, hirugarren bat jokatu behar izan zen, eta hor etxekoak gailendu ziren.

260 kiloko sailkapen nagusian, Ibarra A geratu zen lehenengo 13 punturekin, bigarren Badaiotz puntu kopuru berarekin, hirugarren Ibarra B 11,5 punturekin, laugarren Berriozar 8,5 punturekin, bosgarren Bizindar 6 punturekin, eta azkena Bizindar B 3 punturekin.

300 kilokoan Sokarri A izan zen onena, finaleko tiraldi guztiak irabazita. Bigarren Abadiño B sailkatu zen, eta Ñapurrak, hirugarren. Puntuetan, berriz, honela geratu zen sailkapena: lehenengo Sokarri A 6 punturekin, bigarren Abadiño B 5ekin, hirugarren Ñapurrak B 4rekin, laugarren Ibarra B 3rekin, bosgarren Amaiur 2rekin eta azkena Sokarri B puntu bakarrarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo