GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gasteizko Udala, gero eta egoera jasanezinagoan

Gasteizko Udaleko Ogasuneko Batzordeak bost minutu eskas iraun zuen atzo, EAJ, PSE eta Bilduko zinegotziek alde egin baitzuten PPren gobernu taldeak aurrekontu proiekturik ez zuela aurkeztu ikusi ondoren. Oposizioko taldeen ustez, PPk aurrekontuak luzatzeko apustua egin du, joan den urtean bezala «eztabaida politiko eta fiskala saihesteko». Izan ere, Javier Maroto alkateak aurrekontuak negoziatzeko gainerako alderdiei «ateak zabaltzeko» asmoa agertu bazuen ere, bere gobernu taldeak aurrekontuen gaineko eztabaida ez duela gustuko erakutsi du. Kontua ez da PPren udal gobernuko kideek ez dutela gustuko hitz egitea; aitzitik, erruz egiten dute, baina maiz lekuz kanpo, maiz haien praktika esaten dutenen kontrakoa izaten da eta. Atzo, oposizioko taldeek batzordea utzi ondoren, Manu Uriarte Ogasuneko zinegotziak alkatearen deia gogorarazi zuen, «Udalaren finantza egoera larriari irtenbide bat bilatzeko talde guztiek elkarrekin lan egin beharra». Egia da Udalaren egoera larria dela. Larria eta jasangaitza, baina batez ere udal gobernuaren jarreragatik. Aurrekontuak urtebetez luzatu ondoren, zenbait talderekin adostutako proiektuak bertan behera utzi ondoren, orain erakutsi duen jarrera onartezina da inondik ere, eta hitz politek hura estali beharrean, gobernu taldearen zinismoa agerian utzi baino ez dute egiten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo