GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josu Jimenez Maia, Aitor Txarterina Idazleak

Urte berri on; euskara txukuna «off»

Gobernu batean eledun ibiltzeko maila txukuna behar da, maila ona, hizkuntza maila duina. Eta Idoia Mendiak, tamalez, ez du erdietsi

Idoia Mendiaren erretolika ia-ia goizero-goizero jaso eta jasan dugu Euskadi Irratiaren bidez azken urteotan, eta batzuetan irratia itzaltzeko gogoa izan dugula aitortzen dugu, hizkuntza maila negargarria eta, beraz, nekagarria zela eta. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako eledun ohiari entzutea zigor bihurtzen zen, lan akigarria. Eledunari nabaritzen zaio euskaraz ez dagoela eroso, nahi duela ahalik eta lasterren bukatu... eta entzuleok ere desiratzen genbiltzan noiz bukatu zuen, geronek ere atseden hartzeko. Komunikatzeko asmoak kale egiten zuen, esaten zuenak ez zuelako garrantzirik, inork gutxik erreparatzen ziolako mezuari. Aitor dezagun: erabiltzen zuen kode traketsari erreparatzen genion, zer komunikatu nahi zuen ahantzirik. Lehenago egin genezakeen kritika, baina orain egitea deliberatu dugu, zeren Eusko Jaurlaritzatik at dagoenez, ezin izanen du argudiatu gure kritika hau EAEko gobernua erasotzeko beste modu bat denik.

Eta urte berrian, zaharrak berri. Urtarrilaren 2an, goizeko 9etan elkarrizketa -nori, bestela- Idoia Mendiari: urte berri on, euskara txukuna off.

Hizkuntz maila kezkagarria ez da soilik lexiko kontua, hori ere badena: «fiskaltasuna», «sozietate-inpuestoa», «flujo finanzieroa»... horiek guztiak zuzendu beharreko kontu txikiak baitira. Sintaxi eta joskera kontuak dira larrienak: menpeko perpausekin ez du asmatzen «ikusi dugu nola funtzionatzen du ondo» eta «argi daukagu non gaude». Nor-nork eta nor-nori-nork nahasten ditu «non kokatu digute hiritarrek». Ergatibo dantzariek min ematen dute belarrian; «nik ados nago» eta «Eusko Jaurlaritzak asko esan beharko lukete». Orobat, «ts», «tz» eta «tx», eta «s», «z» eta «x» fonemak ez bereiztearena ez da euskalki kontua «sosio-sanitario» eta «horreseagatik».

Inor ez dadila asalda; ederki dakigu ez dagoela hiztunik akatsik egiten ez duenik, gu geu garela hobendun, eta dabilenari gertatzen zaiola; baina gobernu batean eledun ibiltzeko maila txukuna behar da, maila ona, hizkuntza maila duina. Eta Idoia Mendiak, tamalez, ez du erdietsi. Euskaraz hitz egiterakoan segurtasun falta duenez, bere burua zuzentzen du... denok egiten dugun bezala; baina autozuzenketa neurri batean baino ez da onargarria, zeren Idoia Mendiaren etengabeko autozuzenketak mezua ezkutatzeraino errepikatzen dira «politikoren... politikoaren... politikaren» eta entzuten zaionean euskal entzuleok ezin dugu ekidin pentsatzea etengabe ari dela bere burua itzultzen, eta gaztelaniazko estruktura eta hitzen oihartzuna heltzen zaigu «organizazioa prozesu unilateral hori jarraitu behar du» eta «hor daude pilo preso gartzeletan» entzuleak nekatzeraino.

Bestalde, esaldi ororen amaieran eransten duen ez erretoriko horrek pisu izugarria ematen dio ahozko bere ekoizpenari, zeren badirudi Idoiak berak ez dakiela ziur ulertu diogun. Eta «eee», «eee» astun hori saihestuko balu noizbehinka, «zera» erabilita, hainbat hobe. Horrez gain, segundo batzuk irabazteko, erantzun ororen hasieran «nik uste dut» esateak badu arriskurik... atzetik datorren menpeko perpausak konpletiboa behar duela ahaztea. Eta ene ustez, nire ustez, nire iritziz, nire aburuz, edo nahiago bada, gure iritziz, gure aburuz... esanda, saihesten da menpeko perpausaren aditz-laguntzaileari «(e)la» erantsi behar izatea.

Otsailean hausnarketa prozesua bukatuko du PSE-EE alderdiak; hausnartu dezatela; Idoia Mendia eledun izan den urte hauetan guztietan ezin izan da gehiago trebatu? Hausnartu dezatela, ea onargarria den horrelako hizkuntza maila duen pertsona bat eledun izatea eta ea onuragarria den alderdiarentzat berarentzat; inork irudikatzen al du Kataluniako PSCn horrelako maila duen eledun bat izatea?

Gure hizkuntzarentzat eredu izan behar diren eledunek, hitza duten horiek, gutxieneko maila izan behar dute, zerga-sistema edo sozietateen gaineko zerga esaten jakiteko; hainbeste kontatzen zitzaion Euskalterm-en begiratzea? Eledun bati gehiegi eskatzea al da txukun hitz egitea, artifiziorik gabe, natural, gobernu bateko eledun batek behar duen erregistro jasoan? Ala ez al zegoen beste inor maila hoberik zuenik? Onartuko al litzateke estropezuka mintzo den eledunik Polonian, kasurako? Galdera erretorikoak dira, jakina, jadanik ihardetsiak daudenak.

Roland Barthes frantsesak «Testuaren atsegina» liburuan adierazi zuen zer zen atseginezko testua: «kontentatzen, gogobetetzen, euforia ematen duena, kulturatik datorrena, harekin hausten ez duena, (...) praktika eroso batekin loturik dagoena». Eusko Jaurlaritzako eledun ohiaren kasuan, ez atseginik, ez koherentziarik, ez aberastasunik. Ikusiko dugu hurrengo eleduna. Euskal Herriaren ekialdetik, adeitasunez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo