GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

«Info7 Euskal Herri osoan modu legezkoan entzun ahal izatea da helburuetako bat»

p045_f01.jpg

Eider Olazar

Azti-Begia elkarteko zuzendaria

Iñaki Altunaren lekukoa hartuko du kazetariak Azti-begia elkartearen gidaritzan. Altunak berriki NAIZ atari digitalean zein GARA egunkarian hartutako ardurak direla-eta, lehendakaritza uztera behartuta ikusi zuen bere burua, eta elkarteari bultzada berria ekarriko diolakoan utzi du Azti-Begiaren erantzukizuna Olazarren eskuetan.

Koldo LANDALUZE | DONOSTIA

Duela zazpi urte, eta Azti-Begia elkartearen babesarekin ekin zion bere komunikabide ibilbideari Info7 irratiak. Etapa zirraragarri bat izan da Iñaki Altuna kazetariaren zuzendaritzapean burutua; orain Eider Olazar izango da ilusioz beteriko egitasmo hau zuzentzeari ekingo diona.

Nola sortu zen Azti-Begia elkartearen egitasmoa, eta zein izan ziren horren sorbururako arrazoiak?

Azti-Begia elkartea, komunikazio arloa ezagutu eta bertan lan egiten duten hainbat lagunek osatzen dute. Bere sorreratik ekarpena egin nahi izan dio Euskal Herriko komunikazio esparruari. Zehazki, herritarren mesedetara zuzendutako komunikazio esparrua bultzatu nahi du Azti-Begia elkarteak. Hortik, Info7 irratiaren sorrera.

Zehazki, Euskal Herriko irratigintzari ekarpena egin nahi dio. Izan ere, Euskal Herriko komunikazio esparruan Paris eta Madril ardatz dituzten hedabideak nagusi dira oraindik ere, nahiz eta gero eta gehiago garen irratian, telebistan, prentsan eta sarean abiapuntu gisa Euskal Herria eta euskal herritarrak ditugun komunikabideak.

Nolako balorazioa egingo zenioke orain arte burututako ibilbideari?

Zazpi urte dira Info7 irratia martxan jarri zuela Azti-Begia elkarteak. Hasieratik finkatu bezala, urratsak pixkana-pixkana eman dira, baina etenik gabe. Gaur egun Euskal Herriko hainbat txokotan entzun daiteke Info7, bai Internet bidez eta bai FM bidez ere, hainbat herri ekimeni esker. Horrez gainera, eguneroko lan talde profesionala eta boluntario aritzen diren kolaboratzaileen sarea handituz joan da, eta ondorioz, programazioan urrats garrantzitsuak izan dira. Hau guztia ez litzateke posible izango gaur egun Azti-Begiak dituen 2.000 bazkideei esker ez balitz. Balorazio positiboa egiten dugu.

Zein dira Azti-Begiak etorkizun hurbilerako erabili asmo dituen komunikazio ereduak?

Azti-Begiak hasieratik argi izan du herritarren eta herri mugimenduen tresna izan behar duela Info7 irratiak. Horretarako, parte hartze eta elkarlan bideetan sakondu nahi da aurrera begira. Elkarteak berak ateak zabalik izan ditu beti eta harremanak iraunkortzeko gunea izan daiteke hau. Horrez gainera, Euskal Herriko beste hainbat hedabiderekin dugun elkarlana nabarmenduko nuke. GARA eta «Berria» egunkariekin, Hamaika Telebistarekin edota Arrosa Sareko irratiekin dugun elkarlanak aberastu du Info7 irratia. Aurrera begira, bereziki, Arrosa Sarea nabarmenduko nuke, gure lurraldearen luze-zabalean irratigintza herritarrean aitzindari direnekin urrats garrantzitsuak egin daitezkeela uste dut.

Nola ulertzen duzu komunikazio apustu honetarako zuzendaritza, eta zein atal azpimarratuko zenituzke etapa berri honetan?

Info7 irratiko langile izan naiz orain arte, baita Azti-Begia elkarteko kide ere, beraz, esan nezake etxea barrutik ezagutzen dudala. Alde horretatik, ez dut beldurrik sentitzen, badakidalako ekipo oso bat lanean ari dela ilusioz eta gogoz proiektu honetan sakontzeko. Talde horretako kide bat gehiago bezala ikusten dut neure burua eta gustura hartzen dut ardura berri hau. Etapa berri honetan elkarlana ikusten dut funtsezko; bai irratiaren erabiltzaile diren herritarrekin eta bai Euskal Herriko beste hainbat hedabiderekin ere. Horrez gainera, eta herri honetan bizi dugun garai soziopolitiko garrantzitsuan Euskal Herria aitortzen dugun hedabideon erantzukizuna ere areagotu dela uste dut. Ekarpen handia egin genezake eta egin beharko genuke herri honen burujabetzaren alde.

Zein izango dira Info7 irratiaren helburu berriak?

Helburuetako bat Info7 Euskal Herri osoan modu legezkoan entzun ahal izatea da, eta horretarako, lizentziak izatea ezinbestekoa da. Baina batik bat, Euskal Autonomia Erkidegoan joan da lizentzien trena. Izan ere, PSEren gobernuak burututako lehiaketa bertan behera utzi du Urkulluren gobernuak. Eta hor bereziki aipatu behar da Info7k parte hartu duen Hamaika Irratiaren proiektua. Lortutako lizentziak esleituz gero, EITBren ondoren lizentzia gehien izango lituzkeen euskarazko irratia litzateke. Baina esan bezala, bertan behera utzi dute goizetik gauera. Nafarroan, berriz, Abian proiektu elebidunak hainbat lizentzia lortu ditu, eta argi izpi bat ezarri dio panoramari. Ipar Euskal Herrian lizentzien banaketa egitekoak dira laster. Horrez gainera, teknologia berriek ematen dituzten aukerak ere hor daude. Web orrian eta mugikorretan jarri nahi dugu indarra.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo