GARA > Idatzia > Euskal Herria

Martin Ugaldeko langileek eramanen dute lehendabizi Korrikaren lekukoa

p015_f01.jpg

Maider IANTZI | ANDOAIN

Mosaiko koloretsuz egindako petoak soinean, Euskal Herri osoan «Eman euskara elkarri» deiadarra zabalduko duen lasterketako lehen kilometroa eginen duten lagunak agertu ziren atzo prentsaren aitzinean, Martin Ugalde parkeko langileak. Samara Velte «Berria»-ko ordezkari gaztea mintzatu zen denen izenean eta, ohore handiz, euskararen normalizazioaren alde egunero egiten duten lana erakusten saiatuko direla adierazi zuen.

Etzi bertan abiatuko da Korrika, eta lehen egunean Andoainen izanen den egitarau betea aurkeztu zuen Unai Balda koordinatzaileak. Goizean goizetik Korrika txikiarekin hasi eta gauean Skasti eta Ingo al deu taldeen kontzertuekin bukatu arte ez da bestarik faltako herri honetan. Triki-poteoa izanen da eguerdian, 15.00etan Goiko plazatik denak batera kultur parkera joateko deialdia egin dute, 16.00etan eginen dute hasiera ekitaldia eta ordu erdi geroago iritsiko da momentu gorena: herri baten gogoz antolatutako lasterketak lehen pausoak emanen ditu.

Pirritx eta Porrotxekin

Lehendabiziko kilometroa txandakatuta eginen dute Martin Ugaldeko euskalgintzako langileek. Kontseilua, Elkar, Sortzen-Ikasbatuaz, Kantuzaleen elkartea, Bertsolari aldizkaria, Emun, Lanku, Ziurtagiria, Soziolinguistika Klusterra eta Euskal Herrian Euskaraz-eko ordezkari banak eta «Berria»-ko bik eramanen dute euskararen aldeko mezua daraman lekukoa.

Bide gehiena parkearen barrenean eginen dute, bigarren kilometroa Pirritx, Porrotx eta Marimototsek osatuko baitute, haur pila batek lagunduta seguru, eta hauek parketik hurbil egotea nahi dute.

Edurne Brouard arduradunak bi izen handi ekarri zituen gogora, Martin Ugalde eta Joxemi Zumalabe. 1993an Ugalde izan zen ekimen handi honetako omendua. Orduan, berak egin zuen, biloba zaharrena lagun, azken kilometroa, Bilbon. Hogei urte geroago, bere izena duen euskalgintzaren erreferentea den gunetik hasiko da lasterketa. Urte horretan hil zen Zumalabe, eta haren oroimenez, emazte eta seme-alabek ere egin zituzten azken urratsak, eta lekukoaren barrenean bide osoa bete zuen Zumalaberen idatzi bat irakurri zuen Ugaldek.

«Biak ala biak, `Euskaldunon Egunkaria'-ren sortzaile eta sustatzaileak izan ziren eta duela hamar urte `Egunkaria' itxi ziguten arren, ez gintuzten isildu, ez horixe. `Berria'k hamar urte bete ditu jada: Martinek eta Joxemik erein zuten hazia etengabe loratzen da», azaldu zuen Brouardek indartsu. Aurkezpen aretoan agerraldia egin ondotik, atarira atera ziren lehen lekuko eramaileak, kamerak begira zituztela aurreneko korrikaldia egiteko. Euri, eguzki edo elurpean ibiltzera ohituta daudela erran zuen arduradunak. «Beti heltzen gara, gehienetan garaiz -irribarrea marraztu zitzaion, baita entzuleei ere-, baina beti pozik. Prest gaude eguraldiari aurre egiteko». Barrez egin zuten parkeko saioa, hamaika egun bizi eta emozioz beteak izanen diren erakusgarri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo