GARA > Idatzia > Mundua

Indiako bortxaketagatik preso zegoen akusatu baten suizidioa gaitzetsi dute

Abenduan heriotzaraino bortxatu eta torturatu zuten emakumearen bortxaketagatik espetxeratu zituzten sei gizonetariko bat hilik agertu zen igandean bere ziegan. Lehen datuen arabera, bere buruaz beste egin zuen. Gertaerak neskaren familiaren haserrea eragin du.

p019_f01_148x108.jpg

GARA | DELHI

Delhi hiriburuko iparraldean dagoen segurtasun handiko Tihar kartzelako ziega batean hilik agertu zen igande gauean Ram Singh. Iazko abenduaren 16an, beste bost gizonekin batera, 23 urteko neska bat heriotzaraino bortxatu eta torturatzeagatik zegoen espetxean. Ogibidez, autobus gidaria zen. Espetxeko arduradunek aditzera eman zutenez, «bere arropa lotu ondoren, aulki batera igo eta ziegako sabaian zegoen lanparatik zintzilikatu zen». Bere abokatuak azalpen horri sinesgarritasuna kendu zion, ordea, eta bere buruaz beste egiteko arrazoirik ez zuela esan zuen.

Abenduaren 16an, Fisioterapia ikasten ari zen gaztea eta bere mutil-laguna autobusera igo ziren zinematik bueltan. Singhek eta beste lagun taldeak neska bortizki bortxatu eta kolpatu zuten 40 minutuz. Gero, autobusetik kanpo bota zuten, kale gorrian utziz. Mutil-laguna ere kolpatu zuten. Indiako ospitale batean bizpahiru aldiz ebakuntza egin ostean, Singapurrera eraman zuten, zaurien larritasuna zela eta. Baina hango medikuek ezin izan zuten ezer egin eta abenduaren 29an hil zen.

Gertaerak haserre handia eragin zuen Indian eta emakumeek pairatzen duten biolentzia giroa agerian utzi zuen. Izan ere, Delhin 20 minutuan behin bortxaketaren bat salatzen du emakume batek.

Ustez Singhek bortxatu zuen gaztearen familiak gogor gaitzetsi zuen haren heriotza -30 urte zituen eta alarguna zen-.

Neskaren aitaren hitzetan, suizidioa espetxeko arduradunen hutsegitea izan da, eta heriotza horrek senideei justiziarako duten eskubidea ukatu die.

«Ez dugu ulertzen nola egin duen porrot Poliziak Singhen zaintzeari dagokionez. Bazekiten akusatu nagusia zela», plazaratu zuen.

Ama ere ildo berean mintzatu zen. «Nire alabarentzat justizia besterik ez nuen nahi. Baina akusatu nagusia hilik dago. Errunduntasunak hilko zuen akaso?», galdetu zuen. Bortxatutako neskaren anai batek nabarmendu zuenez, Singh «urkamendian hil behar zuten» eta ez ziega batean: «Jendearen begien aurrean urkatzea merezi zuen. Espero dut epaiketa lehenbailehen amaitzea eta gainerakoei heriotza zigorra ezartzea».

Emakumearen eta Umeen Garapenerako ministroak, Krishna Tirathek, Singh lehenago epaitu ez izana deitoratu zuen. «Bere aurka heriotza zigor eskaera bat» zegoela gogoratu zuen.

«hutsegite larria»

Indiako Barne ministroak Singhen heriotza segurtasunari dagokionean «hutsegite larria» izan dela nabarmendu zuen eta ikerketa bat abian ipini dutela esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo