GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Kazetarien estima

Dirudienez, jendeak ez ditu kazetariak estimatzen. Horixe orain egun gutxi kaleratutako inkesta batek plazaratutako ondorioetako bat. «Eta hori?». Ez naiz kazetariak defendatzen hasiko, nire begietara ere konfiantza gehiegi merezi ez duten profesionalak badirelako; baina badira haragi gehiago saltzeko txuleten lodierako xerrak mozten dituzten harakinak eta horrek ez ditu denak zaku berean sartzen.

Estima falta horren arrazoietan sakondu gabe, agian beren burua etorkizunean kazetari gisa ikusiko luketen gazteak etorri zaizkit burura. Ez dut esango ofizioak berak gizarteari begira egiten gintuenagatik bertaratu nintzela Kazetaritza Fakultatera, baina lagundu laguntzen du ezta?

Ez naiz gogoratzen ondo kazetari izan nahi nuela pentsatu nuen lehen aldiaz, baina institutuan aukeraketa egiteko unea iritsi zenean, argi neukan. Kazetaritza zer zen eta zer ez buruan hartuta joan nintzen fakultatera eta bertan konturatu nik neraman irudiak ez zuela bete-betean bertan ikasten ari ginenarekin bat egiten. Erredakzioan sartutakoan, hura berretsi baino ez nuen egin. Aurrez pentsatzen nituen handitasun asko galdu zituen ofizioak, baina gauza txikiak ere maitatu eta estimatu behar zirela irakatsita. Irakaspen edota esklusiba handiak emateko grina apaldu zitzaidan, istorio txikietan gauza handiak topatzen nituen neurrian.

Kazetari izateak istorio ederrak eta pertsona hobeak ezagutzeko aukera eman dit; ordubetean biluztu dira pertsona asko nire begietara eta beren istorioak niri kontatzeko adinako estimua badidatela erakutsi. Hustu egin dira eta ni, berriz, haiekin bete. Elkarrizketa batzuk barrezka amaitu ditut eta ondo gogoan dauzkat malkoak eutsi ezinda amaitu ditudanetako batzuk. Herri honen historiaren parte sentitu naiz behin baino gehiagotan. Liburuetan jasoko dira pasarte batzuk, nik idatzi ditudalako gorde ahalko dira besteak. Ez dut handikeriaz esaten, behin edo behin nik idatzitako albisteak ondo tolestuta gordeta dituztela erakutsi didatelako baizik, gorde beharreko papertxoen karpetan tokia eginda. Zer nahiago, halako keinuak ala aitorpen publiko handiak?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo