GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hondakinen politikan, Europak agindutakoari jarraituko diola esan du Gipuzkoako Aldundiak

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Hondakinen kudeaketarako estrategiez mintzatzeko Gipuzkoako Aldundiak Europako parlamentura iragan astean egindako bilerak eta hitzaldiak amaituta, Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatuak «oso balorazioa positiboa» egin zuen atzo, Zero Zabor norabidean Europak hartutako jarrera eta ezagututako esperientzia batzuk oso interesgarriak izan direla gaineratuta.

Ainhoa Iraola Ingurumen zuzendariaz lagunduta, Errazkinek onartu zuen oso adierazgarria izan dela Aldundiko ordezkarientzat «Europak zein garbi ematen dion lehentasuna materialaren berreskurapenari». Alde horretatik, diputatuak ohartarazi zuen lehengaien gabeziarekin «arazoa» dugula Europan eta horregatik erronka nagusia dela, hain justu, materia hori zirkuituan berriro nola txertatu.

«Berreskurapen materiala da konponbidea», esan zuen Errazkinek. Hala, joan den asteko mintegian Janez Potocnik Ingurumen komisarioak aipatu zuen fosforoaren kasua gogorarazi zuen: «Fosforo falta handia dago Europan. Zein da gabezia horri aurre egiteko bidea? Nola atera dezakegu fosforoa? Konpostatzearen bidez», argitu zuen.

Lehengaien erabilera oso barneratuta dagoela aipatuz, ohartarazi zuen hau ezingo dela hondakin bezala bota, «ezta erre ere».

Ikusitakoa aztertzeko unea

Bruselan izandako eztabaidak Gipuzkoara ekarrita, ondorio bat azpimarratu zuen Ingurumen diputatuak. «Europan erabakiak hartuko badira, Gipuzkoako erraustegiak ez dauka justifikaziorik. Hau da, Europako legedietara bagoaz, eta %80 birziklagarria bada, plantak ez du etorkizunik».

Orain, Aldundiak ikusi eta ikasitako guztia aztertu egingo du, ondoren lurraldeko mankomunitateak jakinaren gainean jarri eta elkarlanean estrategiak diseinatzeko.

Puntu honetan, atez ateko sistemaren aurka dauden plataformei Aldundiak zein mezu helarazi nahi dien galdetu zioten Errazkini. «Zero zaborrekin ados ez bazaude, zenbat zaborrekin zaude ados?».

Azkenik, Italiako lurralde batzuekin harremanetan jarraituko dutela iragarri zuten, bertako esperientzietatik ikasgaiak ateratzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo