GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

EUSKAL IRRATI FREKUENTZIEN EGOERA

Irrati lizentzien banaketa amaitzeko eskatu diote euskal irratiek Lakuari

Duela urtebete Lakuako Gobernuak martxan jarritako irrati lizentziak banatzeko lehiaketa bertan behera uztea erabaki zuten udazkenean, behin-behineko esleipenak eskainitako 34 lizentzietatik 13 euskarazko irratiei agindu ostean. Euskal irratiek hizkuntz eskubide urraketatzat jotzen dute erabaki hori, eta lizentzia banaketaren prozesuarekin aurrera jarraitzeko eskatu dute helegite baten bidez. Euskalgintzako ordezkariek babesa eman diete, euskararen defentsan.

p005_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | ANDOAIN

Antxeta, Araba eta Justuri irratiek eta Euskal Irrati Zerbitzuak enpresak (EIZ) helegitea aurkeztu dute Lakuako Gobernuaren aurka, egindako akatsak zuzendu ostean irrati lizentzien banaketarekin aurrera jarrai dezan eskatuz. 2012ko martxoan PSEren Gobernuak 34 lizentzia berri banatzeko lehiaketa publikoa jarri zuen martxan, 26 urteren ostean. Urrian, behin-behineko esleipena aurkeztu zuen Lakuak, erkidegoko 13 euskarazko irratik lizentzia eskuratuko zutela aginduz. Orduko Kultura sailburu Blanca Urgellek, ordea, lehiaketa bertan behera uztea proposatu eta euskarazko irratiak arriskuan utzi zituen.

Agus Hernanek behin betiko esleipenean lizentzia lortu zuten irratien izenean hitz egin zuen Andoainen emandako prentsaurrekoan, eta azaldu zuenez, helegite bat aurkeztu diote Lakuako Gobernuari proposamen hori kontuan har ez dezan eta lehiaketa amaitzeko eskatzeko. Euskalgintzako ordezkariek ere, Hekimenek (Euskal Hedabideen Elkartea) tartean, eskakizun honekin bat egin dute, hizkuntza eskubideak urratzen ari direla uste dutelako.

Horrez gain, Hernanek aipatu zuen prentsaren bidez jakin zutela proiektuen balorazio prozesuan irregulartasunak izan zirela, eta horiek zuzentzea beharrezkoa dela uste dute. Orain, erabakia Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren esku dago. «Bi aukera dituzte. Lehenengoa, Blanca Urgellek proposatu bezala lehiaketa bertan behera uztea, edo bigarrena, egindako akatsak zuzentzea eta lizentzien banaketarekin jarraitzea», azaldu zuen Hernanek.

Euren iritziz, zentzuzkoena bigarren aukera litzateke, horrela, balorazioetako irregulartasunak konpondu eta laster prozesuaren azken puntuan jarriko liratekeelako; hau da, behin betiko esleipena zehaztu beharko lukete, lizentzia berrien jabeei abisua eman eta buletinean adostutakoa argitaratu. Prozesua bertan behera uztea erabakiko balute, ordea, prozesu judizial luze batean sartuko lirateke, Nafarroan Euskalerria Irratia bezala (Gobernuak 1990an martxan jarritako lizentzia lehiaketan eman zuen izena). «Gainera, irabazi egingo dugulakoan nago -bota zuen baikor-, Urkulluren gobernuari berak sortu ez duen baina iritsi zaion patata bero bat dauka eskuetan, eta orain apirilaren 4ra arteko epea dute zer egin erabakitzeko».

Lakuak lehiaketan jarri zituen 34 lizentzietatik, hasiera batean, 11 euskarazko irratientzat erreserbatu zituen. Udazkenean ateratako behin-behineko esleipenean euskarazko 13 lizentzia banatu zituzten, eta hori pozgarria izan zen, Hernanen esanetan. Euskal irratiak oso itxaropentsu zeuden lan handia egin zutelako euren proiektuak aurkeztu ahal izateko, baina prozesua bertan behera gelditzen zela jakin zutenean frustrazioa sentitu zuten. «Euskal irratiak bahituak sentitzen gara, erabaki hori interes politikoengatik izan delako, eta euskarari garrantzirik ematen ez zaiolako». Hernanek kontatutakoaren arabera, diala oso desorekatuta dago eta lizentzia duten irrati handiek legalak ez diren irrati txikiak jaten dituzte, lehenengoek euren frekuentzia handitzean gainerakoak dialez mugitzera behartzen dituztelako. Horregatik beharrezko ikusten du euskarazko irratien aldeko apustu sendoa egitea. Euskalgintzari laguntza eskatu zioten irratiek eta honek erantzun du. Hekimeneko zuzendari Alberto Barandiaranek euskarak esparru komunikatibo bat aurrera eraman nahi duen bakoitzean, trabak jartzen zaizkiola azpimarratu zuen, eta horregatik elkarteak euskal irratiei bere babes osoa emango diela iragarri zuen. Prentsaurreko horretan izan ziren, halaber, AEK-ko, Topaguneko, Kontseiluko, Tokikomeko eta Euskal Herrian Euskarazko ordezkariak, euren konpromisoa agertuz.

Irregulartasunak

Euskal Irrati Zerbitzuak enpresako arduradun Ibon Altuna abokatuak aipatu zuen ez dela bidezkoa euskarazko irratientzat behin-behineko esleipenean eskuratutakoa galtzea, batez ere, ez dakitelako hurrengo lehiaketa noiz izango den, ez eta bertan euskarazko irratigintzari erreserbatutako lizentziak izango diren ere.

Era berean, txostenak aztertzerakoan aurkitutako akatsen berri eman zuen. EIZeko arduradunaren hitzetan, proiektu guztiak jaso ostean Lakuak horien balorazio bat egin behar zuen eta lan hori kanpoko enpresa bati agindu zion. Hau hasierako balorazioak egiten hasi zen, Lakuatik zenbait txosten jasotzen hasi zen arte. Hori dela-eta, enpresak zituen balorazioak moldatu behar izan zituen eta, beraz, ez dute balio.

Bestalde, txostenean teknikari batek egindako salaketa bat agertzen da. Hor balorazio baten zirriborroa zuten dokumentu batzuk lapurtu egin zituztela adierazten du. «Garrantzirik ez zuela esan zuten, zirriborro bat zelako». Altunak azaldu zuen hirugarren akatsa pluraltasuna baloratzeko puntuen banaketan atzeman zutela. «Aurretik lizentzia zutenek puntu gutxiago jaso behar dituzte, baina horren ordez puntuaziorik altuena eman zieten», adierazi zuen.

Era berean, Onda Vasca irratiaren (Grupo Noticias) kasua ere aipatu zuen. Izan ere, azalpenik eman gabe puntuak kendu zizkioten hainbat ataletan, eta hori ere irregulartasunen barruan sartu dute.

13 IRRATI ARRISKUAN

Irrati lizentziak banatzeko prozesua bertan behera gelditzen bada, behin-behineko esleipenean onartutako 13 frekuentziak arriskuan izango lirateke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo