GARA > Idatzia > Kultura

Juan Diego, EITBko kudeatzaile ohiak, Surioren zuzendaritzari egotzi dio Vilau Mediaren afera

EITBk ordaindutako 700.000 euroko bermearen inguruko kereilaren inguruan froga gehiago eskatuko ditu LAB sindikatuak, martxoaren 22an Juan Diegok deklaratu zuenaren ostean.

GARA | DONOSTIA

Iragan martxoaren 22an Bilboko lehen Instrukzio epaitegian deklaratu zuen Juan Luis Diego Casalsek, hots, 1999 eta 2009 urte artean EITBko kudeatzaile ohia izandakoak, LAB sindikatuak jarri eta epaileak tramitera onartutako kereila kriminalari lotuta, funtsak bidegabe erabiltzea eta delitu sozietarioak egitea leporatzen ziotelarik. Ikerketaren iturburua 700.000 euroko mailegu bat da, EITBk berak parte hartzen zuen Vilau Media S.L. enpresaren alde BBK-k onartua, 2009an. Bermea Juan Diego berak sinatu zuen.

Handik astebetera PSEko Gobernuak izendatutako zuzendaritza nagusia sartu zen, Alberto Surio buru zelarik. Azkenean, eta Vilau Mediaren egoera ekonomiko txarrak eraginda, iaz EITBk ordaindu zizkion BBKri 700.000 euro horiek, mailegua bere gain hartu behar izanda.

Epailaren aurrean esandakoaren arabera, Juan Diegok -gaur egun Bizkaiko Foru Aldundiko BEAZ enpresaren zuzendaria da- aipatutako Vilau Median bere ardura bete zuen kontseilari gisa eta ez zuen enpresa pribatuetan parte hartu. Hori frogatzeko zenbait agiri aurkeztu zituen. Andoni Ortuzarren garaian, EITBk hainbat enpresa sortu zituen ikus-entzunezkoen arloan.

Epailearen aurrean bermea sinatu izana onartu zuen arren, gainerako erantzukizunik ez zuen bere gain hartu Juan Diegok. Antza, eta epaitegian esandakoaren arabera, PSEk izendatutako zuzendaritza berriari egotzi dio maileguaren kudeaketa. Haren esanetan, Alberto Suriok gidatutako zuzendaritzak lehenengo Vilau Media kaudimen-gabezia egoerara eraman zuen, eta horren ondorioz, 700.000 euroko abala bere gain hartu behar izan zuen EITBk. Patxi Arratibel -Estrategiako zuzendaria- eta Alberto Surioren izenak aipatu zituen espresuki epailearen aurrean.

Bertsio kontrajarriak

Auzi honetan bi bertsio daude, Alberto Suriok, aurreko EITBko zuzendari nagusiak, abal honen berririk ez zuela adierazi baitzion administrazio kontseiluari, ordainketaren berri eman zuenean. Diegoren arabera, sinatu zuen maileguak EITB «soilik urte baterako konprometitzen zuen», eta Suriok zuzendutako taldeak ba omen zuen horren berri.

LAB sindikatuaren esanetan, argitzeke geratu da, «abala zein baldintzetan onartzen den», baita azkenean EITBk bere gain hartu behar izan zuen abal hori «exekutatzen amaitzeko dauden arrazoiak eta erantzukizunak» ere.

IZENAK

Epailearen aurrean bermea sinatu zuela onartu zuen Juan Diegok, baina gainerako erantzukizunik ez zuen onartu. Alberto Surioren zuzendaritzari egotzi zion maileguaren kudeaketa. Surio bera eta Patxi Arratibel Estrategiako zuzendariaren izenak aipatu zituen espresuki.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo