GARA > Idatzia > Kultura

Bertsoak eta antzerkia, Oteizaren ideiak taularatzeko

Euskal arteaz hitz egiten dugunean Jorde Oteiza aipatzea derrigorrezkoa da. Are gehiago egun hauetan, omenaldi ugari egiten ari baitira bere heriotzaren urteurrena oroitzeko. Bertsolaritza eta antzerkia uztartzen dituen honakoa da horietako bat.

p043_f01.jpg

Nagore BELASTEGI

Hamar urte pasatu dira jada Oteiza hil zenetik, baina Donostiako Kafe Antzokiko taula gainean egon zen atzo artista. Bere betiko bizar eta betiko keinuekin, tiza laborategian ari zen lanean, bertaratutako dozenaka pertsonek adi-adi begiratzen zuten bitartean. Eta bat-batean dei bat jaso zuen -okasio honetan ere, telefonoa gertu zuen-. Unai Elizasu gai-jartzailea zen, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariak bertan zirela abisua emanez. Honela hasi zen ehun lagunetik gora bildu zituen saio berezia, bertsoa eta antzerkia elkartu zituena. Dokan Oteiza bera egongo zela iragarri zuten emanaldiaren antolatzaileek eta honek ikusleen interesa piztu zuen. Garagardoa eskuan zutela, laster jakin zuten non zegoen koska; bere itxura, bere izaera, bere hizkera zuen gizon hura ez zen Oteiza, baina izan zitekeen. Artistaren inguruan pertsonaia bat sortu zuen Ion Martinez aktoreak 2010ean, eta berreskuratu egin zuen Oteizaren heriotzaren hamargarren urteurrenean Dokan bere omenez antolatutako egitarauaren barruan eginiko saioan.

Taula gainean harrizko eskultura bi jarrita, saio berezia izan zen atzokoa. Berezia, ez bakarrik momentuz halakorik errepikatuko ez dutelako, baita Oteizaren eskaerei erantzun zietenek berarekin nolabaiteko harremana izandakoak zirelako ere. Lujanbiok arte ederrak ikasi zituen (eta bere ahizpa Nerek, gainera, «Jorge Oteiza, jeinu hutsa» liburua idatzi zuen) eta Egañak hiruzpalau otordu egin zituen omenduarekin.

Saioak publikoaren barre algarak eragin zituen askotan, Oteiza egungo gizartearen analisia egiterakoan sutu egiten zenean eta bertsolariek ohiko ateraldiekin erantzuten ziotenean. Batak gazteleraz, ez baitzekien euskaraz, eta besteek euskaraz. Umoreak lekua izan bazuen ere jorratu zituzten gaiak sakonak ziren, artistak berak ikertzen zituenak, alegia: euskal identitatea, hezkuntza, euskara eta kulturaren politizazioa, poesia...

Jeinuaren jenioa

Gai-jartzaileak proposatutako lehenengo puntuan, Oteiza haserre eta triste zegoen ez baitzuen aurkitzen gizarte honetan pozik egoteko motibaziorik. Egañak eta Lujanbiok ere ez zioten sumin hori lasaitzeko arrazoirik eman eta bere ideiak botatzen jarraitu zuen, ozenki. Indar berberarekin aritu zen arte-sorkuntzan, baina baita euskal gizartea hobetzearen aldeko borrokan ere. «Oso emana zen, eta emanak diren pertsonek izaten dituzte halako haserrealdiak -kontatu zigun Andoni Egañak bertsotan hasi baino minutu gutxi lehenago- jenio bizia zuen, txispa bat». Era berean, aitortu zuen Oteizaren inguruan bat-bateko bertsoak egitea zaila iruditzen zitzaiola, baina gaiak moldatuta egotea espero zuela. Hala ere, ederki asmatu zuen denok buruan dugun irudia deskribatzen lehenengo bertsoan: «Jorgek askotan sentimenduak / botatzen zituen zuzen/ sarri haserre sumendi gendun / edota oihu almazen / gaur egun ea nola gabiltzan / kaletan biok be ozen / ta bizi balitz gaur egun Jorge / sumindu bat izango zen».

Euskal identitatearen gaia aipatzean, ordea, Lujanbiok umore puntua eman zion euskaldunon itxura deskribatuz: «Hara nola janzten diran / euskaldun mutiko finak / nikiak eslogandunak / ukabil ta ikurrinak / galtzak mendira joatekoak / potoloak, atseginak / eta oinetan mendiko botak / ahal baldin bada zikinak». Baina Oteiza beste identitate batez ari zen, sentimenduaz. Berak uste zuen ezinezkoa zela Euskal Herria altxatzea euskal identitate bati heldu gabe. Horren inguruan aritu zen «Oteiza», Ion Martinezen bidez. Honek, pertsonaia sortzeko, bideoak ikusi ditu eta bere mugimenduak ikasi. Testu asko irakurri ditu gidoiak osatzeko eta ondorioztatu du Oteiza bezalako artistarik ez dagoela. «Jeinu bat zen, eta jeinu gutxi daude, baina gainera harrigarria da bizitzen ari garen une latz honetan bera bezalako jendea ez agertzea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo