GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Nahikari «mon amour»

Ipar Euskal Herrian ezagutu nuen Nahikari, oso gaztea zen, presondegitik atera berria. Aitorrekin ezkontzeko erabaki eta Urruñako Herriko Etxea hautatu zuten. Han ezkondu nituen, euskaraz

Gerla hartaz oihartzunak bagenituen. Zergatiak ez genituen sobera ulertzen. Jendea tiroz hiltzen zutela, herria arriskutsua bihurtu zela, hiltzeko mehatxua zegoela karrikak zeharkatzerakoan. Hain ezaguna, ospetsua zen Sarajevo, gerla eremu bilakatua zen. Hiria, herria, familiak sakabanatuak, txikituak gelditu ziren.

Ama eta bere alabaren historia kontatu digute, gerla hartaz memoria egin dezagun, memoria zain dezagun, garai haiek errepika ez daitezen. Ama eta alaba, historiari aurre egiten, ulertezinari zentzua ematen, bide egiten, bizitzen, hau baita lehena.

Emazteen historiak sakontasun handiko historiak izaten dira herri zapalduen borrokan. Hango gerlan ere emazteen kontrako basakeriak gerlako tresnak ziren, estrategiak, zigor gehituak. «Sarajevo mon amour», arteak heda dezala sufrimendu horren oihartzuna, bil dezala bere baitan zapalketa horien aztarnak emazteek bizitzen jarrai dezaten...

Erranen didazue hemen ez dagoela gerlarik. Hemen ez dagoela tirorik. Ados. Haatik emazte askoren sufrimendua dago, emazte bortxatuak, emazte jipoituak familiar bat preso daukalako, urraduraz jositako emazteak, semea hila, sasian bizi haurrak gogoan, haiengandik ezin hurbilduz, preso haurrak erditzen, umeak direla joaten utzi behar dituztela.

Ez digute haien mina kontatzen, ez da ia-ia horretaz hitz egiten, ez da kontatzen frantses presondegietan emazteak loturik erditzera behartu dituztela. Emazteen sufrimendua bigarren mailakoa baita askotan, hain arrunta ez dela ikusten!

Nahikarik ez dio sufrimenduari lehentasuna eman. Biziaren goraipatzea egin digu. Estatuek hartu erabakiak bigarren mailan kokatu ditu, euskal herritar gisa bizitzea erabaki du, hau dela bidea erakutsi digu.

Ipar Euskal Herrian ezagutu nuen Nahikari, oso gaztea zen, presondegitik atera berria. Aitorrekin ezkontzeko erabakia hartua zuten eta Urruñako Herriko Etxea hautatu zuten. Han ezkondu nituen, euskaraz. Euskal herritar moduan. Emazte kementsua, ikasketak eta familia eramaten. Ez da erraz Hegoaldetik etorri, jende gutxi ezagutu eta Lapurdin bizi behar, ez baitezpada hautuz.

Horrela joan da denbora azken asteen gertakariak arte. Berri txarrak. Aurre egin behar! Hara joan da alabarekin, familia urratzeko eskubidea daukatelako epaitegiek, semea aitarekin, alaba amarekin preso. Haurren eskubideak ez dira zaintzen euskal herritarren kasuan. Frantses instituzioetan badago Haurren babeslearen figura, hark baduke ulertu haur horiek ez direla frantsesak ez baita haietaz arduratu. Alta, haien legeen araberan frantses eremuan sortuak direnez bertzeen eskubide berak badituzkete! Ala frankismoaren garai gordinetan bezala emazteak haurrekin eramatea arruntzat ikus daiteke? Hogeita hamaseiko gerlan bezala, politika egiteagatik, emazteak eramaten ziren gisan, haurrekin. EAJko artxiboetan bederen informazioa jaso dezakete batzuek, memoriarik ez badute!

Aste honetan gure begien aurrean gertatu dena zapart-egingarria da, okaztagarria. Nahikari preso sartu dute alabarekin. Familia bereizi dute egoera normala balitz bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo