GARA > Idatzia > Ekonomia

Eusko bakoitzeko euro bat bideratuko du Herrikoak bertako inbertsioetarako

Euskal Moneta elkarteak eta Herrikoak inbertsio funts bat sortu dute Ipar Euskal Herrian proiektuak diruz laguntzeko. Jada zirkulazioan dagoen eusko kopuruaren baliokidea izango da funts hori: 100.000 euro.

Arantxa MANTEROLA | ANGELU

Joan den abenduaren 6an Herrikoak, arrisku kapitalen egiturak, eta Euskal Moneta elkarteak izenpeturiko hitzarmenaren ondorio praktikoak azaleratzen hasi dira. Bi elkarteetako ordezkariek atzo jakinarazi zuten Herrikoaren erreserbetatik 100.000 euroko inbertsio funts bat sortu dutela, eta enpresa egitasmoak diruz laguntzeko deialdia zabaldu dutela.

Kopuru hori dagoeneko zirkulazioan dauden euskoen (euskal moneta) arabera finkatu dute. Izan ere, ekimena urte hasieran jarri zen abian eta hiru hilabeteetan espero ez zuten arrakasta izan du. Egun 1.800 pertsonak eta 380 komertzio edo profesionalek erabiltzen dituzte euskoak beren salerosketetan.

Euskal Monetaren eta Herrikoaren helburuen arteko parekotasunak bultzatu zuen hasiera-hasieratik elkarlana. Biek hala biek Ipar Euskal Herriko ekonomia garatzea eta herritarren aurrezkiak bertako proiektuetan inbertitzea dute helburu.

Hiru onura

«Euskoa baliatzen dutenek hiru onura ahalbidetzen dituzte. Beren salerosketak egiteko moneta izateaz gain, euskoaren trukean eman dituzten euroekin lekuko ekonomia errealean txertatutako proiektuak eta bertako elkarteak laguntzen dituzte, eta orain, Herrikoaren funts honekin ere proiektu berriak sustatuko dituzte», adierazi zuen Dante Sanjurjo Euskal Moneta elkarteko kideak.

Herrikoak bere akziodunak jakinaren gainean jarri eta haien onarpena eskuratu ostean jarri dute abian funts berezi hori beren ohiko erreserbetatik.

Funts horien bidezko finantziazioa lortu nahi dutenek baldintza batzuk bete beharko dituzte nahitaez. Lehenik, euskoaren helburuekin bat etorri behar dute, hots, beren proiektuek bertako ekonomia sustatu, euskara sostengatu edota ingurumenarekiko jasangarriak izan behar dute.

Euskal Moneta elkarteak behin irizpide horiek egiaztatuta, aurkeztuko diren egitasmoak Herrikoak dituenekin bateragarriak izan beharko dira. Izan ere, juridikoki merkataritzako sozietate baten estatutua dutenek aprobetxatu dezakete soilik aipatu fondoak, bai proiektu berriak abian jartzeko bai dagoeneko existitzen direnak laguntzeko edota iraunarazteko (kapital aktiboa, hedapenak, altxortegi desorekak...). Egitasmoak, jakina, ekonomikoki bideragarriak direla ziurtatuko du aldez aurretik Herrikoak.

Ekainaren 30a baino lehen

Interesatuek proiektuak aurkezteko fitxa bat bete eta Euskal Moneta elkartera igorri behar dute ekainaren 30a baino lehenago. Elkarte horretako Onespen Batzordeak uztailaren 1ean jakinaraziko du zein egitasmo hautatu duten.

Hortik goiti, hautatuek bi hilabeteko epea izango dute Herrikoaren finantziazio eskaera prestatzeko. Irailean erabakiko dute zeintzuk diren onartutako proiektuak. Zehaztasun gehiago nahi izanez gero, www.euskalmoneta.org helbidera jo.

1.800 ERABILTZAILE

Euskoa urtarrilean abian jarri zenetik, 1.800 pertsonak erabiltzen dute jada beren salerosketetan. 360 profesional edota merkatarik onartzen dituzte. Egun 100.000 eusko daude zirkulazioan.

4.613 AKZIODUN

Herrikoak 33 urte darama lanean eta 4.613 akziodun ditu. Gehienak partikularrak dira (%41). Bere funts propioak baliatzen ditu proiektuak sustatzeko eta beste finantziazio bide batzuk lortzeko lagungarri izaten da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo