GARA > Idatzia > Mundua

Gerra hotsak berriro Malin, Gobernuak tuaregei mehatxu egin ondoren

MNLA gerrilla herritar beltzak jazartzen ari dela esan zuen atzo Gobernuak, Kidalera Armada bidaltzeko beharra argudiatzeko. «Gobernuak bere esku dagoen guztia egingo du soldaduak hauteskundeak baino lehen bertan egon daitezen. Hori ez da negoziagarri», ohartarazi zuen.

GARA | BAMAKO

Maliko Gobernuak Kidalera soldaduak bidaltzearekin mehatxu egin zuen atzo, MNLA gerrilla herritar beltzak jazartzen ari dela-eta.

«Tuaregen gerrillak beltzak baztertzen ditu. Beraien azal kolorearengatik erasotzen diete. Azken hiru egunetan jazarpen horren lekuko izan gara. Ezin dugu besoak gurutzatuta gelditu hori ikustean», nabarmendu zuen Maliko Atzerri ministroak, Tieman Coulibaly-ek, AFP albiste-agentziarekin eginiko elkarrizketan. Azawaden Askapen Nazionalerako Mugimenduak (MNLA) ehun bat pertsona atxilotu dituela salatu zuen.

«Horietako batzuk espetxeratu egin dituzte, espioiak izatea leporatuta. Beste batzuk beltzak izateagatik kolpatu dituzte. Al Qaeda Magreb Islamikoan taldearen konplize izan ondoren, bere benetako aurpegia erakusten ari da MNLA. Arrazismoan oinarritutako politikak bultzatu ditu, beltzak baztertuz eta apartheida inposatuz», adierazi zuen.

Souleymane Maiga bozeramaile militarrak dioenez, Songhai, Bella eta Peul tribuetako beltzei eraso egin zieten gerrillariek, espioiak zirelakoan.

«Pasa den igandean, Kidal zeharkatu zuten, hegoaldean bizi diren herritarrei alde egiteko eskatuz. Egoera lasaiago dagoenean, Gaora joateko prest gaude», adierazi zion Reuters agentziari Kidaleko biztanle batek.

Gobernuaren bozeramaile Manga Dembelek argi utzi zuen uztailaren 28rako deituta dauden hauteskundeak egin baino lehen Armada Kidalen egongo dela. «Gobernuak bere esku dagoen guztia egingo du hori hala izan dadin. Ordurako soldaduak Kidalen egongo dira eta hori ez da negoziagarri», adierazi zuen.

Tuareg gerrillaren eledunak, Moussa Ag Acharatoumanek, akusazio horiek guztiak errotik ukatu zituen. «Espioitza lanak egiteko Kidalera [tuaregen kontrolpean urtarrilaz geroztik] bidali zituzten hamar soldadu atxilotu ditugu. Gerra presoak dira. Atxilotutako zibilak aske daude jadanik», azaldu zuen.

2012ko martxoan, estatu kolpea eman zuen Gobernuarekin ados ez zegoen militar talde batek. Testuinguru horretan, MNLA gerrillak Al Azawad osatzen duten hiru eskualdeen kontrola -Timbuctu, Kidal eta Gao- bereganatu zuen, independentzia aldarrikatuz. Talde islamistak ere tartean sartu ziren. Urtarrilaren 11n, Estatu frantsesak soldaduak bidali zituen talde armatuak kanporatzeko.

Gerraren inguruko informazioa oso eskasa izan zen. Iturri militarrek kontrolatu zuten gehienbat informazio jarioa. Beste iturri batzuek tuaregen giza eskubideak urratu izana leporatu zieten Maliko soldaduei.

kidalerako bidean

«Soldaduak Kidalerantz doaz jadanik. Anefis hirian -Kidaletik 200 bat kilometrora- geldituko dira, Kidalen sartzeko prestatzen diren bitartean», esan zuen Souleymane Maigak, Armadako eledunak. Anefiseko bizilagunek gogor armatutako soldaduak ikusi zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo