GARA > Idatzia > Kultura

Ken Zazpik eta EOSek diskoa grabatuko dute abuztuaren amaieran

GARA | DONOSTIA

Ken Zazpi musika taldeak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) abuztuaren amaieran grabatuko dute, orkestraren Miramongo egoitzan, elkarrekin egitea erabaki zuten diskoa. Lanaren aurkezpena azaroaren 8an izango da, eta ondoren bira bati ekingo diote, Elkar diskoetxeko iturriek jakinarazi dutenez.

Fernando Velazquez «Lo Imposible», «Mamá», «El Orfanato» eta beste hainbat filmetako soinu banden egileak moldatu eta zuzenduriko lanak, talde bizkaitarraren kantarik esanguratsuenen bilduma jasotzeaz gain, zenbait abesti berri ere bilduko ditu, «sinfonia eraginkorra» osatuz. «Sinfonia liluragarri bat, mundu berri batentzat. Izan ere, Euskadiko Orkestrarekin lankidetzan garatutako hau da Ken Zazpiren lehenbiziko lan sinfonikoa», adierazi dute Elkarretik.

Diskoa kaleratu ondoren, abenduan, bira bati ekingo diote elkarrekin EOSek eta Ken Zazpik, orkestrak bere lana klasikoaz haratago doan musikarekin uztartzeko sortutako KlasikAT zikloaren baitan. Abenduaren 3an, Donostiako Kursaal auditoriumean izango da kontzertua; 4an, Iruñeko Baluarte auditoriumean; 5ean, Bilboko Euskalduna jauregian; 12an, Gasteizko Principal antzokian; eta 13an, Donibane Lohitzuneko Jai-Alain.

KlasikAT

KlasikAT egitasmoarekin, euskal orkestrak bere musika-eskaintza publiko anitzei zabaltzea du helburu, musika klasikoaz urrun geratzen diren eta orkestra baten ibilbide sinfonikoan arrotzak diren errepertorioak landuz.

Horretarako, orkestrak beren musika alorrean nabarmenak diren artista ospetsuekin bat egiten du, eta horrela, Michel Camilo pianistaren jazz latino onena, Swing Gaua eta Kepa Junkeraren doinu ezagunenen bertsio sinfonikoa izan dira aurretik KlasikAT zikloaren emanaldietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo