GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Iker Bizkarguenaga | Kazetaria

Duintasuna Soweton

Nelson Mandelak bere argia gu guztioi usufruktuan uztea erabaki duen egunotan, duela sei urte Hegoafrikara egindako bidaiarekin gogoratu naiz. Lakuako Gobernuaren eskutik, herrialde hartara txangoa egiteko aukera izan genuen zenbait kazetarik, besteren artean, bertako bake prozesuan izandako pausu eta mugarriak ezagutzeko.

Cape Townen, Pretorian eta Johannesburgen izan ginen, eta laster ohartu ginen Mandelak herri osoan zuen garrantziaz. Politikari, agintari, militante, abokatu edo kide baino, aitatzat zuten herritar gehienek, eta aita baten moduan maite zuten.

Egia da oraindik asko direla herrialde horretan konpondu beharrekoak, eta arlo sozioekonomikoan gauzak nahi (behar) baino askoz mantsoago aldatu direla. Adibidez, hiri nagusietako hiriguneetan, oso ondo armatutako polizia pribatuek zaintzen dituzten aisialdirako guneak daude, lehen bezala. Lehen zuriak bakarrik sar zitezkeen, orain aberatsak bakarrik. Eta aberats gehienak zuriak dira.

Zuriak dira, baita ere, ibilgailuen jabe diren herritar gehien-gehienak, eta errepideetan, ibilgailuei itzal eginez, oinez doazen ehunka, milaka, beltz ikusi genituen, etxetik lanera eta lanetik etxera zihoazenak. Gobernuaren kontrako hitzak entzun genituen, eta apartheid-ak, ekonomian oinarritutako diskriminazioari bide eman ziola salatzen zuten askok. Eta, hala ere, denek agertzen zuten Mandelarekiko begirunea eta maitasuna.

Hegoafrikarrek badakite bide luzea dutela egiteko, lana ez dela bukatu, baina aitari bihotzez eskertzen diote bidea egitea eragozten zieten kateak moztu izana. Berak eman zien etorkizuna.

Bidaia horretan, Robben Islandeko presondegia ezagutu genuen. Bertan eman zituen Mandelak 27 urte, zulo txiki batean. Baina bera jaio eta bizi izan zen etxea ez zen askoz handiagoa. Eta bidaia horretan niri benetan zirrara eragin zidana etxe haren inguruan zabaltzen zen lautada handi, zabal eta gainpopulatua izan zen: Soweto. Txabolaz osatutako itsasoa iruditu zitzaidan, dozenaka milaka lagun hala moduz bizi diren eremu neurrigabea. Sowetoko umeak ezin izango ditut sekula ahaztu. Trapuz egindako pilotekin olgetan, batetik bestera, sudurreko kandelak lagun, barrezka, pozik. Batzuk gugana gerturatu ziren, eta eskutik helduta ibili ginen, tarte batez. Musuak oparitu zizkiguten eta bihotza lapurtu.

Nik, Madibaren duintasuna Sowetoko haurren irribarrean ikusten dut. Irribarre erraldoia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo