GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Iruñeak berritasunak eskainiko ditu aurtengo sanferminetarako

Sanferminak hastear daude, eta Iruñea dena prest izateko egokitzen ari da. Bederatzi egunez Nafarroako hiriburua eraldatu eginen da, eta horretarako hainbat berritasun aurkezten ari dira egunotan.

A. A | IRUÑEA

Gaur egun internetdun mugikorra hiritarren gehiengoak du, eta hori baliatuz, hainbat aplikazio sortu dituzte egonaldia errazteko asmoz.

Horietako batek egitarauari eta hiriari buruzko informazioa errazten du (Disfrutando San Fermín), zerbitzu publikoak (komunak, informazio bulegoa, dutxak) non topa daitezkeen azaltzen du. Bestalde, entzierroan parte hartzekotan, hainbat gomendio ere eskaintzen ditu.

Zezenen aurrean jartzekotan, ordea, aukera gehiago ematen dituen beste aplikazio bat ere sortu dute. Udalak eta Kukuxumusuk eginiko Bullrunning Trainer aplikazioan, gomendioez harago doaz. Erabiltzaileak zein egunetan korrika egin nahi duen zehaztuta, zein zezen dauden kontuan hartuta, non eta ze denbora tartetan, adina, esperientzia eta lorik egin duen edo edan egin duen kontuan hartuta, balorazio bat egiten du aplikazioak, baita nota jarri ere, korrikalariak onik ateratzeko dituen aukerak azter ditzan. Behin korrika eginda, abiadura zein izan den ere esaten du.

Guztiak, halere, ez dira informatiboak. Sanferminetan ez dago aspertzeko betarik, eta zezenaren aurrean jartzeko gai ez denarentzat jokoak ere badaude. Running With Friends aplikazioan birtualki egin daiteke korrika, eta zezenak ez harrapatzeaz gain, honen gainean txiribueltak egiteak eta gauzak apurtzeak puntuazioa igo egiten du. Kontrakoa ere sortu dute. Zezenaren azalean jarri eta korrikalariak harrapatzea du xede erabiltzaileak Bulldozer izenekoan.

Egonaldia errazteaz gain, joan-etorria egiteko aukerak hazi egin dira. Bai Alsak bai Renfek autobus eta tren eskaintza zabala aurkeztu dute. Lehenak 125.000 eserleku ahalbidetuko ditu Iruñerako. Gehiengoa gertuko herrietatik datozenentzako, baina 40.000 inguru izanen dira Nafarroa kanpotik datozenentzako. Renfek, aldiz, 89.600 bidaiarirentzako zerbitzua eskainiko du uztailaren 4tik 15era. Bartzelonatik 35.000 bat toki izanen dituzte bidaiariek, eta Madrildik datozen trenen eskaintzak ere 30.000tik gora eginen du.

Cebada Gagorik ez da izanen

Sanferminetara etorriko ez direnak Cebada Gago zezenak izanen dira. Albaitariek, zezenen azterketa ofiziala egin eta gero, ekarritako hamaika abelburuetatik bederatzi sanferminetan izateko moduan ez zeudela adierazi zuten. Pisu baxua dela eta, Iruñeko zezen plazan izateko baldintzak ez dituztela betetzen erabaki zuten. Txikienak 470 kilo pisatzen zituen, handienak, aldiz, 580. Hasieran zortzi zezen ekarri zituzten Cadiztik, eta gero beste hiru gehitu zituzten. Etxerako bueltan dira, uztailaren 9rako iragarrita zeuden arren. Atzo jakitera eman zutenez, El Hierro de Valdesfrenok ordezkatu ditu.

Azkenik, TVEk sanferminak multikameraren bidez emango dituela iragarri zuen. Iruñeko festei buruzko saioen aurkezpenean, erabiltzaileek entzierroaren une bakoitzean zer ikusi nahi duten erabaki ahalko dute, finko kokatuta egonen diren kamera desberdinek hartuta.

IRUDITAN

Entzierroa amaitutakoan, ordenagailuz, mugikorrez zein tabletaz bederatzi ikuspuntutatik berrikusteko aukera eskainiko du aurten espainiar Estatuko telebista publikoak

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo