GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Erruak

Sinonimoen erruz. Horregatik ez da hobea mundua. Gehiegi esatea? Bale, beste modu batera esan dezaket: sinonimoak ez direnak halaxe jotzeak, sasi-sinonimia hilgarriak, munduarentzako traba dira. Adibide ulergarria jartzearren, politikarena, non, «biktima / arrazoia», ezin desberdinago diren bi hitz, bakartzat jotzen diren. Biktima izatea eta arrazoia izatea parekotzeraino eta bata bestea gabe existitu ezin dela pentsatzeraino. Antonimia eroak ere badira, jakina, eta haien gatibu ere bagara. Zorionak, zentzu horretan, demokrazia eta biolentzia lotuta doazen etikaren anatomiatik anputatu zituenari eta elkarren kontra jarri, boxeolari dopatuen antzera. Ia ezinezko bihurtu zuen ganorazko edozein eztabaida politiko.

Politikaren arantza horietatik at, ostera, eremu intimoan egiten zait sinonimia faltsua gogor. Sentipenen, emozioen, pentsamenduen eremu horretan. Aspaldion, adibidez, hiru-lau eztabaida antzutu zaizkit arduraz hitz egin nahi nuelako eta erruaz hitz egiten bukatzen nuelako. Ez dut uste ongi bereizten dugunik, zer den gure edo besteen ardura eta zer den gure edo besteen errua. Ardura eskatzen digutenean errutan itotzen gara, gehiegitan.

Errutan itotzearen sufrikariotik geure burua salbatu nahi dugunean, ardurak ukatuta egiten dugu, behin baino gehiagotan. «Ardura zurea da» entzuten duenak badaki erabakia ere berea dela. «Errua zurea da» entzuten duenak bere buruari zauria egiten baino ez daki.
Ez daukat dudarik: politikan lexiko hobea bezainbeste edo gehiago behar dugu emozioen hiztegi hobea. Ahal dela, erruarena hizkuntza hila dela erakutsiko diguna, aspaldiko kristauek eta bestelako jainkoen txotxongiloek erabiltzen zutena. Gizon eta emakume arduratsuago eta libreago izaten lagunduko diguna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo