GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ehunka lagun Gorbeiako protestaldian, fracking-aren mehatxuak hor dirauelako

Ehunka lagun mobilizatu ziren atzo fracking-a debekatzearen alde, Gorbeiako Gurutzean bertan. «Frackinga ez hemen, ezta inon ere» oihua eraman zuten Gorbeiako gailurreraino, parke naturala bera hainbat baimenpean baitago. «Mehatxuak bertan dirau», salatu zutenez.

p014_f02_199x116.jpg

Nerea GOTI

Bizkaiko eta Arabako fracking-aren aurkako mugimenduek deituta, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko mendi federazioekin batera, mila lagunetik gora igo ziren atzo Gorbeiako Gurutzera gasa ateratzeko haustura hidraulikoaren sistemaren kontrako jarrera azaltzeko, parke naturala bera kaltetua izan baitaiteke hidrokarburoak ustiatzeko planak aurrera jarraituz gero.

Mendi gailurrean, mobilizazioan parte hartu zuten ehunka mendizaleek haizea lagun izan zuten beroari aurre egiteko. Iñigo Leza frackingaren kontrako mugimenduko kideak bildutako jendetza nabarmendu zuen, baita sortu zen lagun arteko giro ederra ere.

Atzo, jai eguna zen Gorbeian. Ohiturari jarraituz, San Inazio egunean milaka lagun igotzen dira Pagomakurrera, Arrabako landetara edota Gurutzera. Horregatik, frackingaren kontrako mugimenduak informazioa zabaldu zuen mendigoizaleen artean. Nabarmendu zutenez, goizean goiz freskurarekin igo ziren asko Gurutzera, eta goiz erdirako bueltan zeuden asko, iragarrita zegoen bero handitik ihes egin nahian. Hori dela-eta, bidean gasa ateratzeko sistemaren arriskuen gaineko datuei eta emandako baimenei buruzko azalpenak eman zituzten.

Gailurrean, «antzerkitxo» batekin zabaldu zuten frackingaren aurkako mobilizazioa. Putzu baten egitura irudikatu zuten, eta joaldunak iristean alde egiten zuten langileek, antolatzaileek laburbilduz esan zutenez.

Bildutakoen aurrean, frackingaren kontrako mugimenduak argi utzi zuen «mehatxuak gure lurraldeen gainean jarraitzen» duela, eta horren adibide gisa, gogorarazi zutenez, «baimena eskatu duten enpresek ez dute etsi», alderantziz baizik, «lanean diraute eta aukera duten bakoitzean eta ahalik eta foro gehienetan» gasa lortzeko sistemaren alde egiten dute enpresek, azaldu zuten.

Egun, lanak zeregin sismikoetan zentratzen direla informatu zuten. «Lan horiekin lur-azpiko mapa bat lortu nahi dute, baina ez digute ziurtatzen etorkizunean, informazio horrekin frackinga egingo ez dutenik», adierazi zuten.

Horren harira, bereziki kezkatuta daude frackingaren aurkakoak Lakuako Gobernuaren jarrerarekin, ez duelako ezezko garbia eman. Haustura hidraulikoaren sistemak ez duela ingurumenaren babesa bermatzen dio Gasteizko Exekutiboak, «baina ez du baztertzen etorkizunean erabiltzea», eta horregatik errezelo txarrak ditu ingurumena eta herritarren osasuna defenditzen dituen frackingaren kontrako mugimenduak.

Parke naturalean bertan

«Gorbeiako parke osoa hidrokarburoak ustiatzeko baimenpean» dagoela gogoratu zuten. Mirua, Saia eta onartzeko zain dagoen Lore baimenek dute eragina inguru naturalean, eta horien arabera, «parke naturalean frackinga legala» izango litzatekeela ohartarazi zuten. Hori dela eta, atzoko mobilizazioaren garrantzia nabarmendu zuten. Izan ere, parke naturalean meatzaritza ahalbidetzeko asmoz EAEko natura babesteko legea aldatzeko mugimenduak daudela ohartarazi zuten.

Frackingaren kontrako mugimenduak argi utzi zuen herri mobilizazioaren garrantzia, helburu bi lortzeko bidean: hainbat herrialdetan eta zenbait gobernuk egin duten bezala, sistema bera debekatzea, eta baimenak erretiratzea.

makina astunak

Zulatzeko baimenen zain dauden bitartean, azterketa sismikoak egiten ari direla salatu zuen fracking-aren kontrako mugimenduak, eta horiek egiteko, parke naturalean «makina astunak» sartu dituztela esan zuten.

legea aldatu

Haustura hidraulikoaren kontrako taldeek bereziki salatu dute natura babesteko legea aldatzeko saiakera, horrek ahalbidetuko lukeelako parke naturalean frakinga legala izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo