GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Lakuntzako jaiak

Auzatez auzate, Lakuntzan

Zaila da Lakuntzako festetan gosea pasatzea. Auzateak indarrak berreskuratzeko aukera ezin hobea dira eta goizez eta arratsaldez egiten dituzte. Udalak edo elkarteren batek banatzen du jatekoa eta edatekoa guztientzat. Lakuntzako jaien arima dira auzateak.

p059_f02_100x100.jpg

GARA | LAKUNTZA

Auzatez auzate ibiliko dira lakuntzarrak datozen egunotan. Jaietan ezinbestekoa da ongi edatea eta ongi jatea izaten diren ekitaldi guztiei aurre egiteko. Eta Sakanan oro har eta Lakuntzan bereziki, ederki dakite. Horregatik, auzateak festen osagairik nagusienetakok izaten dira. Udalak, edo elkarteren batek, biztanleen artean banatzen du jatekoa eta edatekoa.

Txupinazoa piztu eta gutxira egin zuten Lakuntzan jaietako lehen auzatea, txarangaz lagundurik eta 2012an jaiotakoei zapia banatu eta gero. Festetako lehena izan zen. Atzo herri bazkaria izan zuten, baina, hala ere, arratsaldean beste auzate bat izan zuten. Horrez gain, Haizea elkartean izandako brindisa ere ezin dugu ahaztu.

Konpartsari omenaldia

Horrekin batera, konpartsak lakuntzarren omenaldia jaso zuen atzokoan, aurten hamar urte bete dituelako. Herriko jaiak alaitzen ezinbesteko lana egiten du konpartsak, eta, hala, lakuntzarrek esker ona azaldu nahi izan zioten.

Lakuntzako jaiek 28.000 euroko aurrekontua izan dute aurten, eta Jai Batzordeak edalontzi berrerabilgarriak erabiltzeko eskaria egin du, ahalik eta hondakin gutxien sortzeko helburuarekin. Atzokoan, Elai Alai dantza taldearen emanaldia, zezensuzkoa eta Tximeleta taldearekin dantzaldia izan zituzten lakuntzarrek gozatzeko.

Baina atzokoa festetako lehen eguna baino ez zen izan Lakuntzan. Hala, ostegunean Gazte Eguna ospatu arte ongi pasatzeko aukera ugari izango dituzte. Gaur, esate baterako, 13.o0etan, Las Dos D ahizpa kubatarren emanaldiaz gozatzeko parada izango da. Ordu berean, Lakuntzako Pertza elkarteak auzatea eskainiko du.

Arratsaldeko seietan, berriz, Hirugarren Mailako Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako kanporaketa eta harri jasotze erakustaldia izango dira. Hamarretan, aldiz, zezensuzkoaren aurrean korritu ahalko da. Musika, azkenik, Ai Ene taldeak jarriko du, 20.00etan eta gauerdian hasiko diren bi emanaldien bidez.

Astelehena Haurren Eguna izango dute Lakuntzan, eta 12.30etik aurrera erraldoiak eta buruhandiak herrian barna ibiliko dira. Puzgarriak, ludoteka, crazy bike-ak eta segway elektrikoa izango dituzte haurrek bai goizez bai arratsaldez. Arratsaldeko merendola eta gero, «Tximino jakintsua» kale antzerkia izango da. Eta, 20.00etan, buruhaundiak. Gauean, azkenik, Tirry and Terry musika taldea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo