GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HERRIRAREN AURKAKO ERASOAREN ONDORENGO MANIFESTAZIOA

Berrindartuta, asteleheneko beldur, frustrazio eta ezin sinetsien gainetik

p009_f02_98295.jpg

Aimar ETXEBERRIA | BILBO

Pasa den asteleheneko polizia operazioa bertatik bertara bizi izan zuten hiru kiderekin hitz egiteko aukera izan zuen atzo GARAk, operazio hura salatzeko Bilbon izan zen manifestazioan parte hartu zutela aprobetxatuta. Amalur Mendizabal, Txerra Bolinaga eta Maider Carrere dira ondorengo lerroetako protagonistak. Mendizabalek Hernanin jazotakoen berri ematen du, Ertzaintzaren eskutik pairatu zuen erasoaren xehetasunak azalduz. Gasteizen zegoen Bolinaga sarekadaren unean, Eleak mugimenduak Etxerat eta Herrirarekin partekatzen duten egoitzan. Eta Carrere, nahiz eta ez egon Eusko Alkartasunaren Bilboko egoitzan, une oro egon zen bere kideekin kontaktuan, egoeraren jarraipen zuzena eginez.

Anoetan zegoen Mendizabal Amaiurko senataria sarekada gertatu zen unean. Twitter bidez izan zuen albistearen berri eta koalizioko hainbat kiderekin hitz egin ostean, Herriraren egoitzetara bertaratu behar zutela adostu zuten. «Ez da posible!», izan zen gogora etorri zitzaion lehen burutazioa, eta hala abiatu zen Hernanira, bertan Xabier Mikel Errekondorekin batzeko. 19.15 arte egon zen bertan, 19.30ean Anoetara itzultzea baitzen bere asmoa (herri guztietan bezala Anoetan ere sarekadaren aurkako mobilizazioak deitu baitzituzten). «Baina ez nengoen lasai. Hernaniko egoitzan zeudenetariko bat familiako betiko laguna zen eta handik nola ateratzen zituzten nahi nuen ikusi», oroitzen du.

Ongi gogoratzen da Ertzaintzaren kargaren uneaz. «Nire alboan zegoen emakume heldu batek hala galdetu zion ertzain bati: `No vais a cargar aquí ¿verdad?', eta ertzainaren erantzuna, `no, no, si estáis tranquilos...'. Eta nik sinetsi egin nion», azaltzen du. Lehenengo bi atxilotuak atera zituztenean hasi zen karga, eta Amaiurko senatariak giroa lasaitzeko ardura hartu zuen. «Horretan ari nintzela, eta senatari txartela eskuan nuela, izan zen buruko bat eman zidaten unea».

«Ez nuen sinesten Herriraren aurka egin ahal zutenik, ez nuen sinesten egun hartan gertatzen ari zen guztia», dio.

Bakarrik egotea, okerrena

Gasteizen Eleak mugimenduak duen egoitzan -Etxeratekin eta Herrirarekin partekatua dena- harrapatu zuen sarekadak Bolinaga. «Susto galanta hartu nuen!», oroitzen da, eta atea zabalik izan arren, Guardia Zibilaren bortizkeria -ateari ostiko bat emanez sartu ziren- ekartzen du gogora. Zuzenean armekin apuntatu eta lurrean etzanarazi zutela dio, eskuak atzean jarriak zituela. «Bakarrik egon izana izan zen niretzat okerrena. Galdera asko egin nizkion une haietan neure buruari. Ez nekien zer ari zen pasatzen», azaltzen du.

Gerora ikusi zuen Ane Zelaia Guardia Zibilaren eskuetan egoitzara sartu zutela, eta une horretan «pena» sentitu zuela dio. Bolinagaren arabera, orduan hasi zitzaizkion azaltzen hura Herriraren aurkako polizia operazio bat zela, eta aurrez bestelakorik pentsatu bazuen ere -bere «ordua» iritsi zela pentsatzeraino iritsi zen-, une hartan jakin zuen bera ez zutela atxilo eramango.

Guardia Zibilak operazioa beste mugimendu batzuen aurka egiteko ere aprobetxatu zuen. Hala, Bolinagari hasieratik bertatik kendu zioten eskuko telefonoa, baita berak lanerako erabiltzen zuen ordenagailua eta mahai gainean zituen hainbat paper ere. «Frustrazioa nagusitzen zaizu horrelako momentuetan, baina era berean, aurrera egiteko indarrak handitzen zaizkizu, erantzun bat ematearen beharraz jabetzen zara», dio.

Herritarren oihuak segituan entzun zituela oroitzen da, eta horrek indarra eman ziola dio. «Oso positiboki» baloratzen du Bolinagak herritarrek atxiloketei emandako erantzuna. «Herri bezala daukagun indar horretan sinetsi behar dugu», aldarrikatzen du.

Distantziatik, baina gertutik

Eusko Alkartasunak Donostian duen egoitzan zegoen Carrere Bilboko alderdikide baten deia jaso zuenean. Guardia Zibila euren egoitzan sartu zela zioen dei hark. EAren eta Herriraren egoitzak eraikin berberean kokatzen dira, bata hirugarren solairuan eta bestea bigarrenean, hurrenez hurren. Donostiatik «urduritasunez» bizi izan zutela dakar gogora Carrerek, Bilbon gertatzen zena ezin kontrolaturik.

Nahiz eta hasiera batean euren egoitzara «deskuiduan» sartu zirela pentsatu, ziur da Carrere eraikina kontrolatu asmoz egin zutela mugimendu hura. «EAk ez du sekula horrelakorik bizi izan eta sentsazio oso fuertea izan zen», dio.

Guardia Zibilak euren solairua utzi zuenean erabaki zuten «Alde Hemendik!» zioen kartel hura jartzea eraikinaren balkoi batean. «Inbasio bat izan zen hura eta testimonio bat kaleratu nahi genuen. Era berean, askatasun eta elkartasun mezu minimo bat ere zabaldu nahi izan genuen», azaltzen du. «Gaur 18 hauek izan dira, baina aitzakia horrekin zu edo ni izan gaitezke hurrenak», ohartarazten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo