Ikerkuntzarako prentsa zerbitzua sortu nahi da Europan
Europako komunikabideek zientzia kontuetan batez ere Amerikako Estatu Batuetako berrietatik edaten dute; ez Europan bertan zientzialariek ez daukatelako zer kontatua, maiz nola kontatu ez dutelako hain ondo asmatzen. Hutsune horiek konpontzearen garrantziaz jardun zuten atzo Elhuyar Fundazioak antolatutako Ikerketa eta Gizartea jardunaldietan. Communiqué proiektuak badu zeresanik lan horretan.
DONOSTIA
Elhuyar Fundazioak antolatuta, “Ikerketa eta Gizartea” izenburuko topaketak izan zituzten atzo, Donostian. Han, zientzia-arloko arduradun, ikertzaile eta komunikabideak elkartu ziren egun Europako zientzialarien eta komunikabideen arteko harremanaren tasunak mahai gainean jarri eta etorkizuneko ildoak finkatze aldera. Topaketen funts nagusia Communique proiektuaren aurkezpena izan zen. Zientzian eta teknologian espezializatutako Europako komunikabide baten ebaluazioa eta sorkuntza ditu ardatz proiektu horrek, eta helmuga garbia dauka: Europan zientzialariek egiten duten lanak merezi duen isla izan dezala komunikabideetan. Alphagalileo Fundazioak eta Europako Batzordeak elkarlanean sustatu dute Communique proiektua, eta Britainia Handian, Alemanian, Estatu frantsesean eta Txekian aurkeztua dute. Atzo Euskal Herriaren txanda izan zen. 2004ko azaroan Bruselan bildutako aditu-biltzar baten hausnarketen emaitza da Communique. Ez Europako ez hemendik kanpoko komunikabideek Europako ikerketari merezi duen garrantzia ez diotela ematen ondorioztatu zuten biltzar hartan, eta egoera hori aldatzeko neurriak behar zirela. Horrenbestez, Europako ikerketan espezializatutako komunikabideen zerbitzu bat sortzea erabaki zuten. Arazoaren muina egungo gabezia nabarmen batean datza. Alphagalileo Fundazioko zuzendari Peter Greenek atzo Donostian nabarmendu zuen: «Zoritxarrez, askotan, komunikabideen bidez Europako ikerketen emaitzak hedatzeko gaitasunak ez du ikerketek duten kalitate-maila». Izan ere, arlo horretan Amerikako Estatu Batuak jaun eta jabe direla aitortu zuten atzo behin eta berriz: «AEBetako ikerkuntza-arloko berrien mende daude, neurri handi batean, Europako eta nazioarteko komunikabideak». Hortik abiatuta, egoera larria dela eta neurri zuzentzaileak behar direla ondorioztatu dute Communique proiektuaren arduradunek. «Ikertzaileengan eta komunikabideetan oinarritu dira Europako egungo ahaleginak, eta egin dira aurrerapenak, baina oraindik argitalpen espezializatuetan eta liburutegietan gordeta geratzen dira zientzia berrien kopuru handiak». Arazo horri aurre egiteko Ikerkuntzarako Europako prentsa-zerbitzua sortzea proposatzen du Communiquek. «Ikerkuntzan espezializatutako komunikabideen zerbitzuari esker,Europako berri gehiago agertuko lirateke nazioarteko komunikabideetan, eta estaldura hobea izango lukete», argitzen du proiektuaren txostenak. Baina kantitateak ez dakar beti berekin kalitatea, eta hori ere zaindu beharrekoa dela esaten du proiektuak. Hartara, zerbitzu horrek «katalizatzailea» izan beharko lukeela eta «praktika hobeak, trebakuntza eta beharren araberako azpiegitura teknikoak eskuragarri» jarriko lituzkeela zehazten du. Hala ere, Communique berez ez da komunikabide-zerbitzua, «sortzen den komunikabide-zerbitzu oro esanguratsua eta praktikoa dela ziurtatzen duen ekimen inpartziala baizik», Peter Greenek argitu zuenez.
Elhuyarren Zientzia Prentsan ikerketa lana
Elhuyar Fundazioak Zientzia Prentsan ikerketaren emaitzak aurkeztu zituen atzo. Euskal Herriko hainbat komunikabidek zientzia albisteei emandako trataera aztertu du bost bat hilabetez eta, besteren artean, zera ondorioztatu du: eguneroko prentsan agertzen diren zientzia albiste gehienak prentsa espezializatuan agertu dira. Gainera, zenbait gai oraindik albo batera uzten ditu eguneroko prentsak, batez ere Fisikarekin, Kimikarekin, Matematikarekin, Espazioarekin eta halakoekin lotutakoak. -
«Zientzialariak derrigorrez bere ikerketan inguruko informazioa gizartera zabaldu behar du»
Jose Mari RODRIGUEZ IBABE
| Elhuyar Fundazioko lehendakaria
Lehenengoz antolatu ditu aurten Elhuyarrek “Ikerketa eta Gizartea” topaketak. Helburu dute zientzialarien eta komunikabideen artean zubiak eraikitzea, Europan zientzia arloan egiten den lan eskergak albistegietan merezi duen tokia izan dezan. Nondik dator topaketok antolatzeko
premia? Konturatu gara Europan zientziaren eta teknologiaren inguruan kaleratzen diren albisteak ez direla Europan bertan sortutakoak, gehienak Amerikako Estatu Batuetatik datozela. Nabarmen geratzen da, beraz, hutsuneak daudela ikertzaileen eta kazetarien arteko harremanean. Kanpotik datozen albisteak hobeto landuak daude eta kazetariek horiek hautatzen dituzte. Garrantzitsua al da kazetarien eta
ikertzaileen artean harreman ona egotea? Oso garrantzitsua da. Garai batean, zientzia eta gizartea banatuta zeuden. Baina, gaur egun, zientzian ikertzen eta garatzen denak edonoren bizimoduan izugarrizko eragina dauka. Horregatik, zientzialariak zertan ari diren jakin behar du gizarteak, eta ez da bakarrik informatu behar, gizartea formatu ere egin behar da. Zientzialariak askotan ez dira pertsona egokienak lan horretarako, erabiltzen duten hiztegia-eta ez baita erraza. Horregatik bitartekari lana egin behar da eta hutsune horiek betetzeko datoz Communique gisako proiektuak. Gainera, zientzialariek derrigorrez informazioa zabaldu behar dute, finean gizarte horrek ematen baitie dirua bere proiektuekin aurrera jarraitzeko. Zientziak komunikabideetan merezi duen tokia
al dauka? Ez dauka merezi duen tokia. Gainera, askotan arazoekin lotuta agertzen da. Adibidez, orain Donostian errausteko plantarekin dagoen nahastea dela-eta, zientzia, ekologia, interes ekonomikoak... dena nahasten da. Eta, azkenean, ez daukagu informazio ona. Aldeko eta kontrako iritziak badaude, baina kaleko jendeak ba al daki benetan nola egiten duen lan errausteko planta batek eta nolako eragina daukan osasunean? Kanpaiak entzun ditugu baina atzean zer dagoen ez dakigu. Izenburu potoloak gehiegi maite al dituzte
komunikabideek? Hori da arazoa, izenburu potoloetan geratzen direla maiz, eta hain deigarria ez dena besterik gabe pasatzen da, nahiz eta zientzialarientzat izugarrizko garrantzia izan. Horregatik, askotan zientzialariek nahiago dute kazetariekin ez hitz egin. Baina kazetariak ez du zertan gai guztietan
aditua izan. Dudarik gabe. Baliabideak jarri behar dira eta trebakuntza sustatu behar da zientzia albisteak egoki zabal daitezen. Urteak beharko dira hori lortzeko, eta Europan nahikoa atzeratuta gaude. - A.M.
|