Eskola euskalduntzeko, Udalbiltzaren babesa
DONOSTIA
“Bai Eskolak Euskalduntzeari” ekimenak bildutako 107.000 sinadurak jaso eta herritar horien deiak «aintzat hartuko dituela» adierazi zuen Udalbiltzak. «Jasotako babesarengatik, sinadura bilketaren zabaltasunarengatik eta egindako aldarrikapenaren zilegitasunarengatik, Udalbiltzak oso presente edukiko du 107.000 herritarrek egiten duten eskaria», jakinarazi zuen erakundeak.Orain gutxi bukatu den sinaduren bilketaz, bestalde, «kanpainak jaso duen sostengua» nabarmendu zuen naziorako erakundeak, eta azken urteetan Euskal Herrian egin den «handienetarikoa, handiena ez bada» goraipatu zuen. Egindako aldarrikapenaren zilegitasuna ere aipatzen du Udalbiltzak. «Izan ere, aldarrikatzen dena oinarrizko giza eskubide bat da: euskara ezagutzeko eskubidea», azaldu zuen. Eskaera horri behar duen erantzuna emateko, Udalbiltzak «dituen baliabide instituzional, politiko eta antolakuntzazkoak» erabiliko dituela eta datozen hilabeteetan «konpromiso zehatzak» iragarriko dituela azaldu zuen. “Bai Eskolak Euskalduntzeari” ekimenak, bestalde, eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren aldaketak bultzatzeko dei egin zuen.
|