Guztiok dakigu zer-nolako gauzak gertatu eta gertatzen diren Guardia Zibilarekin, nahi duena egiteko zigorgabetasun osoa baitu», zioten atzo Lekunberriko hainbat herritarrek horien presentzia arbuiatzerakoan. Guztiaren gainetik aritzeko ahalmen hori erakusteko baliatu zuten atzo Lekunberriko industrialdeko 29. lursaila: 4.743 metro karratuan eta 359.822 euroan neurtutako ahalmena, kasu horretan. Izan ere, «presakakoa» eta «interes publikoko salbuespenezkoa» baita Gobernu espainolaren aburuz, Guardia Zibilak Lekunberrin duen eraikinaren ordez, ahalmen osoko kuartel erraldoi bat eraikitzea. Lekunberrin hasia da inposaketa berri horren gaineko eztabaida herriratzen, baina agerraldian salatu zutenez, ez Udalari esker, hark ez baitio herriari inolako informaziorik eman; izan ere, kaserna herrigunetik industrialdera eramateko erabakia «herritarrek jakin gabe» hartu dutela esan zuten. Guardia Zibilaren kuartelaren aurkako plataforma eratu dute, baita lehenbiziko protestara deitu ere. Manifestazioa izango da bihar, uztailak 1, 19.00etan herriko plazatik abiatuta.
Guardia Zibilak Lekunberrin duen kuartelaren gaineko berriak ez dira oraingoak. ETA erakunde armatuak 1989an orduko kasernaren aurka egindakoekintzaren ostean, beste eraikin baten bila hasi ziren militar espainolak. Jatorrian ukuilua zen biltoki batean, alokairuan ezarri ziren segituan, herrigunean. Hamar urteren ondotik, biltokia erosi eta eraikitzeko baimena eskatu zioten, 2000. urtean, Udalari. Zio politikorik tartean sartu gabe, Udalak ezezko biribila eman zion eskaerari, legez ezinezkoa baitzen. Guardia Zibilaren eraikina, 1988. urteko udal arauan jasotzen denaren arabera, hiri- gintzako antolaketatik at baitzegoen kalifikatua.
«Erabilera horretarako, gune hori desegokia zela genion, Guardia Zibilari eraikitzeko lanen lizentzia ezeztatzeko Udalak kaleratutako ebazpenean. Eta hirigintzako arauek berdin balio behar zutela herritar soilentzat eta bestelakoentzat; baita Guardia Zibilarentzat», azaldu zion atzo GARAri Lekun- berriko alkate den Jose Mari Aierdik.
Ezetza zela-eta auzitara jo zuen Guardia Zibilak 2001eko martxoan, eta Udalaren erabakia bertan behera uzteko eskatu. Baina prozedura judiziala hasi bezain laster irten ziren auzibidetik militar espainolak.
«Zuzenean» alor politikora jo zutela esan zuen Aierdik. Izan ere, egun PPko buru eta 2002ko martxoan Barne ministro espainol Mariano Rajoyk Lekunberriko Guardia Zibilaren kaserna estatu-interesekoa zela adierazi baitzuen. Kuartela «interes publikoko salbuespenezkoa» zen PPko Gobernuarentzat, eta premiazko agindua emanda Udalaren erabakia hutsaren pare utzi zuen.
Manifestazioa 19.00etan
Interes berei eusten jarraitzen du egungo Gobernu espainolak, Auzitegi Gorenak Lekunberriko Udalaren administrazioarekiko auzi-errekurtsoak alboratu ostean ere, nahi berekin tematuta segitzen baitute.
Leitzako aurrekariak gogora ekarri zituen Jose Mari Aierdik. Leitzan, azke- nean, Nafarroako Gobernuak ere eraikina eman baitzien; orduan herriaren erdigunean, gainera. Aurrekari horiek kontuan hartuta, Gobernu espainoleko Nafarroako ordezkariarekin negoziatzen hastea erabaki zuten, alkateak esan duenez. Eta akordio bat hartu zuten: «Hain zuzen ere, Guardia Zibilak uko egiten dio hiriguneko kasernan eraikitze-lanak egi- teari. Nafarroako Gobernuak Guardia Zibilari industrialdeko partzela salduko dio, eta hark, trukean, egungo kuartela. Guk Nafarroako Gobernuari eraikin hori erosi nahi dugula azaldu diogu, herriak erabil dezan», azaldu zuen Aierdik.
Baina herrian guztiak ez dira iritzi berekoak. Guardia Zibilaren kasernaren aurkako plataformako kideek, agerraldian ziotenaren arabera, hedabideen bidez jakin dute akordioaren berri. «Udalak herritarrek jakin gabe hartu du erabakia», adierazi zuten, eta Udaletxera kontu eske joan izan direnetan «deus ere ez» zekitela erantzun izana ere gogor salatu zuten.
«Ez dugu ahaztu behar Guardia Zibila Estatu espainolak bere indarra Euskal Herrian inposatzeko erabiltzen duen beste tresna bat dela», esan zuten. «Gurean irekitako prozesu politikoa kontuan hartuz, Udala horrelako negozioetan sartzea ulergaitza da», esan zuten. Arazoari aurre egiteko «jarrera aktiboa» ez izatea leporatu zioten Udalari, baina plataformako kideek hartua dute iniziatiba.
Lehenengo hitzordua jarrita dago: bihar, 19.00etan, herriko plazan. Mezua ere argi askoa: «Bake garaian gerra egitera etorri zirenek alde egin behar dute. Utzi bakean Euskal Herria! Alde hemendik!». -
LEKUNBERRI