Dozena bat harri puska «kantu isilean» jarriko du Koldobika Jauregik Tolosan
Harriz lantzeko makina eta konpresoreak jo eta su ari dira egunotan Koldobika Jauregik Alkizan duen lantokian, oso gutxi falta baita, hiribilduaren 750. urtemugaren aitzakian, Tolosako kaleetan jarri behar duen «Kantu isila» erakusketa inauguratzeko, eta oraindik berau osatuko duten eskulturak bukatzeke daude. Ez dira nolanahiko eskulturak, gainera, lau eta hamasei tona bitartekoak baizik. Guztira, hamabi edo hamalau pieza izango dira, Lasturko eta Markinako kare-haitzean landuak.
ALKIZA
Lantokira iritsi bezain pronto, dagoeneko guztiz biribilduta dagoen pieza bat ikus daiteke. Alde batean, Aiako Iturriotz baserri ezaguneko aurrealdea du, ateko gurutzeek eta leiho batek irudikatuta. «Leihotik barrena» sartzen den ikusleak, berriz, «memoriarekin» egingo du topo, «Ekaingo kobazuloarekin, beharbada, edo San Adriangoarekin», Jauregik esan duenez. Hobe San Adriangoarekin; izan ere, hori pasabidea izan da beti, eta horren bidez piezaren beste aldera iritsiko da ikuslea. Beste alde horretan, berriz, topo egingo du azken urteotan Jauregik hainbestetan erabili duen ekialdeko kaligrafiarekin.Eskultura hori Tolosan paratu behar dituztenetatik bat baino ez da, baina ondo laburbiltzen du erakusketaren xedea. Piezetan, artzaintza, herri-kirolak, elizak eta bertako «eta aldi berean leku guztietako» erreferentziak islatzen dira, batetik, eta, bestetik, berriz, «beste mundu bateko informazioa», ekialdeko kaligrafia, kasu. Erakusketak “Kantu isila” izango du izenburua. «Altzürükün nintzela, hitzik gabeko kantuen berri izan nuen esan du Jauregik. ‘Aire’ horietan, artzainek arrano baten hegaldia eta antzeko ideiak irudikatzen dituzte. Hortik abiatuta, nik ere gidoirik gabeko eskultura egin nezakeela pentsatu nuen. Ideia bat hartu eta, besterik gabe, eskulturaren bidez landu, hitzik gabeko kantu bat isilean kantatuko banu bezala. Kantu isilen ideia hori da erakusketa osatzen duten piezen arteko lotura nagusia», adierazi du artistak. Ideia horrek lan egiteko modua ere baldintzatu du. Piezak diseinatu eta gero harrian gauzatu beharrean, lehendabizi harriak aukeratu eta horien arabera diseinuak egin ditu Jauregik. «Harriek berezko pitzadura dute. Bada, hori kontuan izanik diseinatu ditut, nolabait esateko, pitzadura bera ere eskulturagai bihurtu dut». Erakusketa bere kabuz egiteko asmoa zuen. Gero, Tolosako 750. urtemugaz arduratzen ari direnekin hitz egin eta haiek ere antzeko zerbait omen zuten gogoan. Baten eta besteen ideiak bateratu eta horrela eratu da “Kantu isila”. «Zurezko eskulturak ere egin nahi nituen, baina horretarako aterpea behar da, eta ez dugu leku aproposik aurkitu. Epaitegi zaharreko arkupetan, esaterako, bertan preso egon zen Iparragirreri buruzko pieza bat jarri nahi nuen, baina, leku horretan hainbeste auto egonda, azkenean ideia bertan behera uztea erabaki dugu». Beraz, erakusketako pieza guztiak harrizkoak izango dira. Guztira, hamabi edo «zorte pixka batekin» hamalau. Izan ere, oraindik bukatu gabe daude. Jauregik berak, Debako Eskolan trebatu diren Iker Potes, Ińigo Fernandez eta Jaime Udaeta eskultore gazteen laguntzarekin, hiru hilabete daramatza kare-haitzarekin borrokan, baina, antza denez, azken memento arte jo eta su ibili beharko du.
Eskultura ibilbidea Eskulturak datorren asteburuan jarri nahi omen dituzte Tolosan, Zabalarretan, Gurutze Gorrian, San Frantziskon, Santa Marian eta beste puntu neuralgiko batzuetan. Udazken aldera, berriz, kendu egingo dituzte, bat izan ezik. Zein izango den eta non kokatuko den eskultura hori herritarrek berek erabaki beharko omen dute. Tolosak eskultura ibilbide polita du, Oteiza, Chillida, Ugarte, Basterretxea, Anda eta Hernandez Mendizabalen lanekin osatua. Ibilbide hori aberastuko du Jauregiren piezak.
|