Pirinioak iturburu, narrazio bilduma kaleratu du EIEk
Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) «Lauburu, Pirinioetako kontakizunak» izenburuko liburua kaleratu berri du. Argitalpenak hamaika idazleren testuak biltzen ditu, sortzaile euskaldun eta katalanenak. Egileek Xaretako Idazleen Topaketetan parte hartu zuten iaz. Euskarazko bertsioa zabalduko da hemen eta Katalunian, berriz, haien hizkuntzan.
IRUÑEA
Inma Errea, Edu Zelaieta, Iñaki Zubeldia, Itziar Medina eta David Tijero euskal idazleen lanak biltzen ditu ‘‘Lauburu, Pirinioetako kontakizunak’’ liburuak, Sebastià Alzamora, Joan-Daniel Bezsonoff, Vicenç Pagès, Imma Monsó, Pep Coll eta Ferran Rella egile katalanen narrazioekin batera.Euskal Idazleen Elkarteak euskarazko bertsioa zabalduko du gurean. Ainhoa Aranburuk, Idoia Gilleneak eta JoxanElosegik itzuli dituzte testuok. Katalunian hango hizkuntzan kaleratuko da ipuin bilduma bera.
Xaretako bileran sorleku Nafarroako Xareta bailaran iaz egin zuten Idazleen Topaketatik atera zen ‘‘Lauburu, Pirinioetako kontakizunak’’ liburuaren proiektua. 2004. urtean Kataluniako Vall de Boira euskal idazleak gonbidatu zituzten. Lekukoa hartu eta hogeita hamarren bat idazle elkartu zituzten 2005. urtean Xaretan. Hamaika idazlek bost euskaldun eta sei katalanek Urdazubi, Sara,Ainhoa eta Zugarramurdiko parajeetara itzultzeko konpromisoa hartu zuten, literaturak bermatzen duen ametsezko bidaiaren bidez. Narrazio libreak idatzi dituzte, denak Pirinioetan inspiratutakoak.Tere Irastortzak idatzi dio hitzaurrea liburuari eta “Nabarra” aldizkariarekin lankidetzan argitaratu du EIEk.
|