LAB sindikatuko ordezkari bat kaleratu dute Viscofanen
Viscofan enpresako zuzendaritzak LABeko ordezkari lanak betetzen dituen langile bat kaleratu berri du, lan hitzarmenaren aldeko eta enpresaren proposamenaren aurkako prentsa adierazpen bat argitaratu izana leporatu eta gero. Sindikatu abertzaleak kaleratzea gogor kritikatu zuen, baita Viscofanek «mezularia hil duela» salatu ere.
IRUŃEA
Zangozan dagoen Viscofan enpresako agintariek LABeko ordezkari bat kaleratu dute. Sindikatu abertzaleko lagunek jakinarazitakoaren arabera, hitzarmenaren aldeko eta enpresaren jarreraren aurkako adierazpen bat iragarki taulan eskegi izanagatik bota dute langilea.Viscofaneko langileek urte eta erdi daramate hitzarmenik gabe. Gaur egun, LABek salatzen duenez, «hobekuntza esanguratsuak» ukatu dizkie enpresak langileei. Enpresak egin zuen proposamena bozkatu, arbuiatu eta horren aurkako mobilizazioak egin ondoren, hitzarmen zuzen baten alde ari diren langileak «estutzen» ari omen da zuzendaritza. «LABek, jokabide horren eraginez, horri buruzko adierazpena argitaratu eta eskegi zuen iragarki-taulan. Enpresak argitaratze horri erantzunez, LABeko kargudun bat iraitzi zuen, adierazpena hedatu izana leporatuz. Esaerak eta sindikatuak dioten bezala, Viscofanek «mezularia hil du». «Ez dago zalantzarik: gure lankidea hitzarmen txar baten aurka aritu delako iraitzi dute, isilik ez egoteagatik, besoak uztartuak ez izan eta ezikusiarena ez egiteagatik. Beste batzuek, ordea, bestelako jarrera azaltzen dute enpresako agintedunek egiten dituzten gehiegikerien aitzinean», adierazi zuen, eta enpresak egindako proposamena onetsi ez duten langileen artean «izua» zabaldu izana leporatu zion zuzendaritzari. Bestalde, Viscofaneko arduradunek kaleratutako langileari elkartasuna eskaintzeko asmoz, LABek bilkura egingo du gaur, 20.00etan, Zangozako udaletxearen arkupetan.
|