Jazinto Lasarte - Zamalbideko baserritarra
Erraustegirik ez! Ez horixe!
Urnietan hasi zen gatazka, ondoren Txingudin jarraitu zuen. Orain Landarbaso dugu gatazka leku eta espero dugu, bederen, erokeria hau hemen bukatzea. Argi dago gure etorkizunetako bi arazo nagusietakoak ura eta hondakinak izango direla, hondakinak kontsumo basatiaren pean bizi garenontzat, eta uraren faltak berriz, herririk txiroenak erasoko baditu ere, denak zipriztinduko gaitu. Egia esan, hemen ere dagoeneko uraren falta nabarmentzen hasiak gara; izan ere, ekain alderako gure zelaiak gorritzen hasten baitira eta ez da harritzekoa, Gipuzkoan sei baso besterik ez baitzaizkigu geratzen. Halere, abiadura handia dugu ez dakit nora joateko, abiadura handiko trenak egiteko, superportuak, erraustegiak...Pentsatzen jarria nago natura errespetatzearen etika aspaldi galdu zela. Ez dakigu zer egin gure hondakinekin, baina inork ez ditu ondoan nahi. Oraintxe bertan erraustegien inguruan erreferenduma egingo balitz, ez dakit zer aterako litzatekeen, baina galdetuko balitz etxe ondoan erraustegirik inork nahi duen, ehuneko ehunak ezetz biribila emango lukeela ziur naiz. Arartekoak erraustea ez den beste tratamenduen alde egiteko eskatu zien erakundeei. Herritarren parte hartzea eskatu zuen 1988ko Aarhusko Hitzarmenaren 6.4 artikulua apelatuz, eta Txingudin baimendu ez zen herri galdeketa aipatuz. Jakin badakigu denon arazoa dela hondakinak behar bezala kudeatzea eta horretarako dirutza gastatu beharko dela. Baina ez dugu urrutira joan beharrik horrelako politikak martxan daudela ikusteko, izan ere, Arabako Marta Alaña Hirigintza eta Ingurumen saileko foru diputatuak honakoa dio hondakinen inguruan: «Inguruko lurraldeetan funtsean hondakinen errausketarantz jotzen duten bideak aukeratu badituzte ere, Arabak garapen iraunkorraren planteamenduetara askoz hobeto egokitzen den tratamendu mota baten alde egin du. Eta horren erakusgarri dira kalitatezko composta, nekazaritzan edo berdeguneen ongarriketan erabiltzeko egokia, ekoizteko helburua duten ekintzak». Beti pentsatu izan dut ezkerreko ikuspegi batetik egiten zela ekologiaren defentsa, eta Donostiako azken udalbatzak hala erakutsi zuen, izan ere, ezezkoan agertu zen alderdi bakarra Ezker Batua izan baitzen, baina argi daukat ahotsik ez duen ezker abertzalea ere horretan dagoela. Eta azpimarratzekoa da erraustegien inguruan dagoen defizit politikoa; izan ere, Landarbaso kokaleku bezala San Markoseko mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onetsi behar baitute, eta bi erakundeetan ere gatazka politikoa dela eta Gipuzkoak duen indar nagusietakoa alboratuta baitago. Kafka biziko balitz, Odon bisitatzera joango litzateke ekologia eta ezkerraren ikuspegiaz hitz egitera eta erraustegiek gatazka politikoarekin zer ikusi duten galdetzera. Baina harrigarriagoa da oraindik eutanasia debekatua dagoen herri honetan Landabarso inguruan bizi diren zientoka baserritarren bizi-kalitateak, baliabideak, natur parkea, ura, eta abar ez axola izatea gure agintariei. Lotsagarria da Denis Itxasok esatea builaka eta zalapartaka joan ziren herritarrak Batasunak eraginda joan zirela, era horretako kontaminazioaren mehatxua ez al da aski akuilu Zamalbideko baserritarrak bere onetatik ateratzeko? Zertan gabiltza? Bazterrak nahasten ari gara. Uste dut urrezko denbora galtzen ari garela arazoari adarretatik heldu beharrean; beraz, boto emaile xumeoi berriz ere lana egitea tokatzen zaigu Landarbasoren ideia gure ilustratuei burutik kentzeko eta erraustegi hitza hiztegietatik ezabatzeko. -
|