Ah! Baie nogaz bizi da ba?
Batek daki! Batzuek diñoie beste gizon bategaz dalakuen.
Baie ez zan normala?
Beno, baie atzeko mandatara joten dauela dirudi, bakizu, orain gero eta gehidxau entzuten direz marikoiek eta marimatxuen historidxek. Dana nahastaten dabie batzuk eta holan ez dakit zer izango dan geruen, zeren umerik bere ez direz egongo ez badan gizonak gizonakaz edo andrak andrakaz apaidxue eindxe haurdun geratzie.
Ez dakit zer gauzen ikusteko! Akaba mundue!
Ziurrenik sarri entzun ditugu horrelakoak, badirudi batzuek inoren bizian sartzeari gustu berezi bat topatzen diotela. Beraien bizia hain pobrea izango da? Ohituta gaude entzungor egiten eta aurrera botatzen gure ardurak baina ez da erraza irautea.
Ez dakit kristautasunaren eraginagatik edo ergelkeriagatik den, baina egunero norberaren bizimodua inoren ahoetan entzutea ez da gustukoa, horrexegatik norbaitek asmatua izango zuen abesti famatuaŠ «segi, segi zeure bizimoduari, ez egin kasurik atsuen esanari». Ez dira agure-atsoak bakarrik horrela ibiltzen direnak, gazte asko gehitu zaie, eta gainera edonon daude: lantegietan, kalean, norberaren koadrilan...
Oso ausartak direnez, ohiko azaltzen dituzte iritziak eta irainak, besteak isiltzera bideratuz. Esan dezakegu gehiengoen diktaduraren menpe bizi garela asko eta asko. Baina jakina! Zer egiten da aipatutako lekuetan eta haietatik kanpo hau guztia aldatzeko? Ezer gutxi! Zeren bestela ezinezkoa litzateke ulertzea urteak pasatu ondoren oraindino aldarrikapen asko hor lortu gabeak izatea.
Ah! Baie nogaz dabil ba?
Andra bategaz! Badakizu, oso normala da. Ezkondue da, umeak dakoz, kotxie, etxie, eta biharra.
Jangoikuek bedeingaturik! Ze ondo bizi dan!
Ez dira konturatzen kaleko txutxumutxuek ere kalteak sortzen dituztela besteengan. Batzuek ez daukagu umerik, ez kotxerik, ez lanik... eta gutxiago beraien Jaungoi- koak edo lurrekoak bedeinkatzeko gogorik.
Asko dago egiteko gizarte honetan aniztasuna errespetatzeko eta bermatzeko, eraso asko daude gelditzeko, giza eskubide guztiak ez direlako onartuak guztiontzat.
Ah! Baie zer pasa jatzu ba orain hain kanbidxeta egoteko?
Ba zurelakoak ezagutu ondoren aspertu naizela maridxe bako arrainekaz.
Esana... «segi, segi zeure bizimoduari ez egin kasurik atsuen esanari». -