Jelkideak
Iñaki Altuna
“Egin” egunkaria eta irratia itxi zituztenean, Xabier Arzalluz EBBko orduko presidenteak, EAJren iritzia emateko, Garzonen ebazpenaren xehetasunak ezagutu eta aztertu behar zituela esan zuen. Horregatik, beste gauza batzuen artean, alderdiak ez zuen bat egin Donostian eginiko manifestazio jendetsuarekin. Beste askok, berriz, ez ditugu Grande-Marlaskaren argibideak ilunbideak esatea litzateke egokiago behar Gorka Agirre jelkidearen kontra bidegabekeria egin dutela esateko. Epailearen esanari errespetua eta bestelako aitzakiak aitzakia merkeak lirateke oraingo honetan. Ordukoak, jelkideen ahotan, izan ziren bezalaxe. Zorionez, Agirre ez dute giltzapetu. Jakina da euskaldunak kartzelatzeko ez dutela asko behar Auzitegi Naziona- lean. Zalantza pare bat baditut, ordea, bueltaka buruan. Agirre presondegian sartuz gero, nola izendatuko lukete EiTBko hedabideek? ETAko presoa? Halaxe izendatzen baitituzte kartzelan diren euskal preso politiko guztiak, izan ETAko militanteak, izan IK-koak, izan herri mugimenduko ordezkariak, izan kazetariak... Eta, orain, zer egingo ote du Balzak? Akaso, Agirreri buruz eta EBBri buruz ere hilero txostena egitea aginduko dio Ertzaintzari, Grande-Marlaskari bidaltzeko. Auzitegi Nazionaleko zitazioek Arzalluzek Konstituzio espainolari planto egin diezaioketela ohartaraztea eragin dute. Ez dago gaizki euskal alderdi handienak euskaldunon eskubideak zangopilatzen dituen legeriari aurre egingo diola esatea. Xelebrea dena zera da: alderdiari eginiko erasoari erantzuteko egitea horrelako iragarpena, eta ez, berez, Konstituzio horrek euskal herritarrei inposatzen dien askatasun ezaren ondorioz. Ez da, dena dela, atzera begiratzeko ordua. Etorkizuna dago irabazteko. EAJk zeresan handia izan dezake, onerako edo txarrerako, orube demokratikoa egiteko euskal eragileen artean lortu beharreko akordioa gauzatzeko. Estatuarekin alderdi interesen araberako itunak egiteko tentaldia alboratu eta gatazkaren muina konponduko duen hitzarmena lortzeko konpromisoa hartzea litzateke berri pozgarriena. Halaxe balitz, hitzarmen hori gauzatzea negoziatzeko, jelkideek Madrilera joan beharko lukete berriro; orduan, Euskal Herriaren ordezkaritzaren partaide. Ez Auzitegi Nazionalean agertzeko eta ez, askotan bezala, beren burua boterearen morroi eskaintzeko. -
|