WASHINGTON
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Auzitegi Gorenak legez kontrako jo zituen atzo Guantanamoko presoak epaitzeko Etxe Zuriak sortutako auzitegi militarrak. Erabakia aldeko bost botorekin eta kontrako hirurekin onartu zuten. John Paul Stevens Auzitegi Goreneko epaileak azaldu zuenez, preso horien- tzat bereziki sortutako gerra auzitegiek, AEBen legedia ez ezik, gerrako presoen eskubideak jasotzen dituen Genevako Konbentzioa ere urratzen dute. Epaia Salim Ahmed Hamdan Guantanamoko preso yemendarrak jarritako salaketa baten erantzuna da. Horrek bere auzia auzitegi militar berezi horiek epaitzearen kontrako helegitea jarri zuen. Hamdanen abokatuaren iritziz, Bush presidenteak auzitegi bereziak sortzeko ahalmena izatea gehiegizkoa da.
Etxe Zuriak, ostera, argudiatzen zuen, «terrorismoaren kontrako gerran», Kongresuak eta Konstituzioak Gobernuari bidea ematen diotela botere judizialaren eta legegilearen oniritzi barik jokatzeko.
Ebazpenak, baina, Hamdani eman dio arrazoia eta George W. Bush presidenteak ezohiko auzitegiak sortzeko ahalmenik ez duela baietsi du. Era berean, Etxe Zuriaren estrategia politiko nagusia ezbaian jarri du, «terrorismoaren kontrako borrokan» denak balio duelako tesia baliogabetzen duelako.
Hala ere, Bushek ez du etsitzeko asmorik, eta auzitegi bereziekin aurrera jarraitzeko Kongresuaren sostengua lortzeko negoziatzen hasiko dela jakinarazi zuen atzo.
Bien bitartean, sistema horren bidez auzibidean dauden hamar presoren prozedurak eteteko deia egin dio Gorenak Gobernuari. Era berean, laster abiatzekoak ziren beste 60 auziak ere bertan behera geldituko lirateke. Nolanahi ere, Guantanamoko preso gehienak guztira 460 daude kargu barik daude espetxean.
Bigarren Mundu Gerraz geroztik, AEBetako Auzitegi Gorenak presidentearen eskumenen inguruan hartzen duen epairik garrantzitsuena izan da.