DONOSTIA
640 kiloko azkeneko jardunaldia emozioz beteta iragartzen zen. Herenegun Lesakan jokatu zen azkeneko saioa, eta azkenean pisu horretako Euskal Herriko txapela Nuarbera joan zen. Denboraldiko bigarrena lortu dute gorritxoek, 680 kilokoa ere eurek lortu baitzuten. Nuarbe eta Gaztedi berdinduta heldu ziren ligaxkako azkeneko jardunaldira. Denak bi talde hauek elkarren aurka jokatu behar zuten saioari begira zeuden. Lehen tiraldiak hamaika minutu pasa iraun zituen, baina epaileek ez zuten baliotzat eman. Izan ere, bi taldeak hankak lurrean ongi itsatsi eta ia mugitu gabe jarraitzen zuten, eta epaileek tiraldia bertan behera utzi, eta hasieratik jokatzera behartu zituen taldeak.
Gero, Nuarbek bi tiraldiak irabazi egin zituen, eta horrekin batera 640 kiloko txapela lortzeko modua egin zuten. Gaztedikoek, berriz, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten.
Hirugarren postua erabakitzeko ere lehia gogorra iragartzen zen. Azkeneko jardunaldira berdinduta heldu ziren Goiherri A eta Areso, eta postu hori ere erabaki beharra zegoen. Nafarrek oso lan ona egin zuten Lesakan, eta Goiherri mendean hartzeko modua egin zuten, eta horrek hirugarren postua eskuratzeko balio izan zien.
Azkenean, Goiherrik laugarren postuan amaitu zuen pisu
horretako ligaxka. Gainerako postuetan ez zen inongo aldaketarik izan. Datorren
asteburuan 600 kiloko
ligaxkari ekingo zaio.