GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > HERRI KIROLAK 2006-07-28
Mikel ARANALDE | Segalaria
«Jon Lapazaran besteen gainetik ikusten dut, eta bera da faboritoa»

M ikel Aranalde gazteluarrak ere badaki zer den Euskal Herriko txapela janztea. Igandeko finalean, ordea, ez du bere burua lehen postuan ikusten, eta nahiko triste dabil, izan ere, denboraldia ez baitoakio berak nahi bezala. Gipuzkoako finalean itxaropen handiak jarri zituen, eta han txapela ez lortzea kolpe handia izan zen beretzat.

­Zer moduz zaude igandeko finalaren aurrean?

Ilusio handirik gabe. Urtea nahiko kaskarra doa, eta iganderako ere ez daukat aparteko itxaropenik.

­Gipuzkoako txapela ez lortzeak kolpe handia eman dizu ezta?

Bai, dudarik gabe. Ordura arte gustura nenbilen, baina orduan gauzak ez ziren ongi atera, eta geroztik burua altxatu ezinik nabil.

­Zer gertatu zen final hartan?

Ez dakit, arrazoi batzuk ere badaude, baina aitzakiatzat ere har daitezke. Egun horretarako nire burua asko estutu nuen, eta gero gauzak oso gaizki atera zitzaizkidan.

­Beti esan izan duzu faborito ateratzeak kalte egiten dizula. Gipuzkoako finalean horrela zinen. Kalterik egin al zizun?

Bai, bai, dudarik gabe. Denek nahiko garbi jotzen ninduten faborito, eta horrek niri ez dit behin ere graziarik egiten. Nire burua ere asko estutu nuen, eta gauzak horrela atera ziren.

­Gipuzkoako finalaren aurretik gustura zenbiltzan, baina final hark markatuta utzi zaitu gero, ezta?

Bai. Ordura arte ongi nenbilen, gustura, baina han gauzak erabat okertu ziren. Gero, Euskal Herriko kanporaketan, Larraitzen, final hartan baino zertxobait lan hobea egin nuen, baina ez pentsa han ere ikaragarrizko lana egin nuenik. Euskal Herriko finalerdian, berriz, sailkatu arren, lan txarra egin nuelakoan nago.

­Kanpotik oso triste ikusten zaitugu. Horrela al da?

Egia esan, aurten itxaropen handiak ikusten nituen. Hor batzuk falta ziren, eta inoiz baino aukera gehiago ikusten nituen gauzak egiteko. Nik zerbait egin nahi nuen, baina gauzak erabat okertu dira.

­Erasun eta Mitxelena ez ateratzean, aukera gehiago zenituela ikusten zenuen, ezta?

Bai, eta Ormaetxea ere falta zen. Beraz, iazko ia hiru onenak falta ziren, eta ni nintzen hor bestea, eta azkenean zerbait egin dezakezula sinetsi egiten duzu, eta azkenean, helburua betetzen ez baduzu, orduan eta kolpe handiagoa jasotzen duzu.

­EuskalHerriko Txapelketako beste hiru finalistek lehia estua izango dela eta txapela edonork irabaz dezakeela esan dute. Zu ere garaipena lortzeko asmotan joango zara, ezta?

Ez, ez, ni ez noa irabazteko itxaropenekin. Gainera, ez dut uste laurok oso parean gaudenik, hori ongi geratzeko esandako zerbait izango da. Nik Lapazaran ikusten dut beste hiruren gainetik, eta garbi gainera.

­Beraz, Lazpazaran da zure ustez faborito garbia?

Bai, bai, dudarik gabe, une honetan besteen gainetik dabilena da, eta ezeren okerrik ez duela, faborito garbia da.

­Iaztik nabaritu al duzu maila aldaketarik?

Bai, eta handia, gainera, iaz baino askoz ere maila ahulagoa dago aurten, neure burutik hasita. Aurtengo lana iaz egin izan banu, egon seguru, iaz ez nintzela finalean izango. Aurten gauden laurotatik inor egotekotan Lapazaran bakarrik sartu ahal izango zen iazko finalean, orduko maila ikusita, ez dut uste beste hirurak inongo aukerarik izango genuenik.

­Hala ere, aurten hiru gazteluar zaudete finalean. Hori datu pozgarria izango da, ezta?

Beno, nik ez dut datu pozgarri bezala hartzen, ez delako normala. Azken batean, hirurak finalean baldin bagaude, iaztik maila asko jaitsi delako izango da. Iazko maila bera izango balitz aurten, seguruenik ere ez zen Gazteluko inor izango Euskal Herriko finalean.

­Igandeko finaleko belarrak kezkarik ematen al dizu?

Beno, esaten dute Otxandiokoa baino zerbait hobea dela, eta horrela bada aurrera.

­Aurtengo denboraldiaren amaierara oso buru makur iritsi zara. Etorkizunari buruz pentsatzeko astirik hartu al duzu?

Lehenengo aurtengoa amaitu beharko dugu, eta gero ikusiko dut. Burutik gauza asko pasatzen dira, eta gauza asko pentsatzen dituzu, baina gero negua iristen da, eta hori ere luzea izaten da. Beraz, hasteko, igandekoa amaitu behar dut, eta gero hasiko naiz etorkizunarekin pentsatzen.-


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Batasuna y EB ven necesario iniciar ya el diálogo político
Ekonomia
Los trabajadores de Volkswagen apuestan por prorrogar el convenio vigente actual
Ekonomia
Renfe adjudica a CAFla construcción de 107 trenes regionales por 590 millones
Kirolak
El positivo corresponde a Floyd Landis
Jendartea
Cinco vizcainos mueren en el incendio de un edificio en Laredo
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss