GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Mundua 2006-07-28
Itxaso MENDIGUREN
Oaxacako irakasleen borroka, beste gobernuburu bat kargutik kentzeko bidean
Oaxacako herria elkarrengandik oso ezberdinak diren etniaz osaturik dago. Bakoitzak bere kulturari eta tradizioei eutsi arren, faktore bat dute komunean: pobrezia. Arrazoi eta sorburua euren izaera komunalaren zapalkuntza eta botereak eragindako pribatizazioa izan dira. Baina Oaxaca beti izan da borrokalaria. Historikoki, hainbat arrazoi sozio-politikok eraginda, altxatu eta hiru gobernuburu bota dituzte. Laugarrena bidean da.

Egungo egoera ulertzeko, denboran atzera egitea beharrezkoa da. 1980ko maiatzaren 1ean sortu zen Trabajadores de la Educación izeneko sindikatua. Administrazioaren zentralizazioaren eraginez, urteotan langileek muturreko egoera bizi dute hezkuntza publikoan. Irakasle askok bi urte luze zeramatzaten soldatarik jaso gabe. Mugimendua hiru ardatzetara bideratu izan dute: hezkuntzaren demokratizazioa (laikoa eta doakoa), heziketa alternatiboa eta Mexikoren demokratizazioa.

Orduan hasiko dira protestak. Administrazioan dauden charroei (herriaren kontrakoak, zipaioak) euren eskumenak kenduko dizkiete. Irakasleek euren eskutan hartuko dute irakaskuntzaren kudeaketa.

Jaiak antolatzen

Hemendik aurrera, irakasleen borrokak gizarte mugimendu gisa jarraituko du lanean, bestelako herri mugimenduei ere bide emanez. Izan ere, herrixka eta komunitateetan erreferente izan dira irakasleak. Jaien antolakuntzan eta beste hainbeste ekimenetan irakasleek ezinbesteko papera bete baitute.

Urtero-urtero, maiatzaren lehen hamabostaldian borroka egun bati jarraipena eman zaio orain artean. Maiatzaren 1a munduko langile borrokalariaren eguna izanik, eta 15a irakaslearen eguna, data horiek garrantzitsu bilakatu dira oso euren aldarrikapenak eskatu eta betearazteko. Antolatutako mobilizazioetan, orain arte, aldarrikapen gehienak ekonomikoak izan dira.

Aurten, maiatzaren 22an hasi zen plantoian, oinarrizko 17 puntuen aldarrikapen taula osatu zuten. Horiek guztiak baldintza ekonomikoen hobekuntza aldarrikatzen zuten; horien artean daude, esaterako, eskoletako umeei gosaria ematea edota oinarrizko produktuen prezioak jaistea. Gobernuburuak, Ulises Ruiz Ortizek, irakasleekin negoziatzeko bigarren pertsona bat jartzen zuen bitartekari. Bitartekari horri Chucky ezizena jarri zioten irakasleekiko agertu zuen jarrera maltzurragatik. Aurten, beraz, Ulises harekin biltzeko eskakizuna egin zuten.

Bilera onartu zuen Ulises Ruiz Ortizek. Aldarrikapen taula puntuz puntu atzera bota eta bere proposamenak mahai gaineratu zituen. Bilera onartu bai, baina ez zuen negoziaziorako inongo tarterik utzi. Gobernuburuaren sasi-alternatiba onartu edo borrokan jarraitzea besterik ez zuten izan irakasleek. Eta hala egin zuten: plantoian jarraitu eta euren 17 aldarrikapenak taktikoki alboratu. Edozein aldaketa posible izateko negoziatzeko prest dagoen gobernuburua baita lehen baldintza. Gertaera salatu, eta herrian borrokarako helburu bakarra gizarteratu zuten: Ulises kanpora!

Horri begira eratuko da APPO (Asamblea Popular del Pueblo Oaxaqueño), plantoiak jasandako errepresioaren ostean. Antolakunde horrek babes herritarrari egitura bat ematea du helburu. Orain APPO erregionalak sortzen ari dira.

Herria, irakasleen alde

Ekainaren 14an, Oaxacako Zocaloa inguratu zuten poliziek. Bertara negarra eragiten duten gasa bota zuten helikopteroetatik eta suzko armak erabili zituzten. Ondorioz, berehala konfirmatu ziren haurdun zegoen emakume baten, irakasle baten eta haur baten heriotzak. Kopurua zehatza ez den arren, hildako gehiago daudela ere aipatu da, larri zaurituez gain. Baina irakasle eta herritarrek agintari eta polizia batzuk erretenitu eta gainontzekoak desalojatzea lortu zuten. Ulisesen estrategiak kontrako efektua sortu zuen, herria irakasleen alde jarri baitzen.

Herri presioaren eraginez, Ulisesek lau gobernukide aldatu behar izan ditu denbora gutxian. Txakurrek jadanik ez diote bere jabeari obeditzen. Eta hori gutxi balitz, hiru botereak Oaxaca hiritik kanpora eraman dituzte. Ulisesen Gobernua erortzear dago. Plantoiak aurrera jarraitzen du.

Oaxacako herriek elkartasuna eta elkartrukerako festa egun bateratua dute Guelaguetza festa. Azken urteetan, hala ere, herri horren sinbolo turistiko bilakatu dela esan daiteke. Elkartasun iturri izatetik diru iturri izatera pasatu da. Komertzializazio izugarriaren adibide da Coca Colaren latetan ere Guelaguetzaren propaganda jarri izana. Horrela, Guelaguetza egun ofiziala ­uztailaren 17a­ ukatu eta Guelaguetza herritarra berreskuratze bidean, zortzi egunez atzeratu dute festa eguna. Egun ofiziala boikoteatzeak, izan ere, irakasleen borrokak nazioarteratzeko aukera paregabea eskaintzen du.

Ikuskizuna urtero egiten den tokia okupatu zuten irakasleek. Okupazioaren ondorioz, festa egun ofiziala bertan behera uztea beste aukerarik ez zuen izan Gobernuak. Eta mediatikoki egin zezakeen guztia eginda ere, herritarrak ez ziren irakasleen kontra jarri. -

OAXACA

(*) Itsaso Mendiguren Askapenak antolatu eta Mexikon dabilen brigadako kide da


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Batasuna y EB ven necesario iniciar ya el diálogo político
Ekonomia
Los trabajadores de Volkswagen apuestan por prorrogar el convenio vigente actual
Ekonomia
Renfe adjudica a CAFla construcción de 107 trenes regionales por 590 millones
Kirolak
El positivo corresponde a Floyd Landis
Jendartea
Cinco vizcainos mueren en el incendio de un edificio en Laredo
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss