Tximistak jota bi gizon zauritu dira Angelun
·Ezbeharra asteazkenean gertatu zen eta bietako batek atzo koman jarraitzen zuen
Madrague hondartzako aparkalekuan zeudela tximistak jota bi gazte zauritu ziren asteazkenean. Jasotako elektrizitate zama jasanezina egin zitzaion bietako bati, eta bihotz etenaldia izan zuen. Suspertu orduko, Baionako ospitalera eraman zuten, eta atzo koman jarraitzen zuen.
ANGELU
Asteazken arratsaldean izandako ekaitzaren ondorioz, tximistak jota bi gizon zauritu ziren Angeluko hondartzatik hurbil. Biak leku berean zeudela, tenore berean kolpatuak izan ziren, eta zaurituta Baionako ospitalera eraman zituzten. Tximistak une berean ukitu arren, ez zituen biak berdin kolpatu.Haietako bat Angelu Madrague hondartzaren aparkalekuan zegoela tximistak larriki kolpatu zuen.Suhiltzaileak bertaratu orduko, tokian bertan suspertu behar izan zuten, bihotzeko etenaldia izan zuelako. Ondotik Baionako erietxera eraman zuten gizonezkoa, «egoera larrian» zegoela-eta. Atzo, Baionako ospitaleko arduradunek argitu zutenaren arabera, zaintza intentsiboan zegoen mutila, eta sistema artifizialaren bidez koman atxikitzen zuten. Zauriaren hobekuntzari begira kontu handiarekin ibili ziren erietxeko arduradunak, eta oraindik ezin zutela deus ziurtatu nabarmendu zuten. Bigarren gaztea bestearengandik gertu zegoen, eta une berean jo zuen tximistak, baina arinkiago. Ospitaleak jakinarazi zuenaren arabera, atzo bertan atera behar zen ospitaletik.
Ekaitz arrisku handia Ekaitz azkarrak espero zituzten atzo gauerako ere, eta Estatu frantseseko botere publikoek alerta laranja iragarri zuten. Ekaitz azkarrak espero zituztela-eta, herritarrei kontu handiarekin ibil zitezela eskatu zieten.
|