Musika ugari eta ehun ekitalditik gora aurten Donostiako Aste Nagusian
Donostiako Aste Nagusia aurkeztu zuten atzo Konstituzio plazan. Guztia prest dago Gipuzkoako hiriburuko jaiei hasiera emateko. Abuztuaren 13an hasi eta hilaren 20an bukatuko dira. 174 ekitaldi antolatu ditu Donostiako Udalak guztira; horietatik 97 musika ekitaldiak dira. 600.000 eurotik gora erabili dituzte antolatzaileek.
DONOSTIA
Abuztuaren 13an, igandean, arratsaldeko 19.00etan entzun ahal izango da ohiko bihurtu den kanoi hotsa Alderdi Ederren. Horrela emango diote hasiera beste behin ere Donostiako Aste Nagusiari.Atzo eguerdian aurkeztu zuten Udalak antolatutako Donostiako Aste Nagusia. Sarrera labur baten ostean, Odon Elorza Donostiako alkateak hartu zuen hitza. Egitarau zabala aurkeztu zuen, eta donostiarrak nahiz kanpotarrak bertako jaietan parte hartzera gonbidatu zituen. Donostiako alkatearen esanetan, donostiarrentzat antolatutako jaiak dira, «eta ez kanpotarrei zuzendurikoak». 174 ekitaldi antolatu ditu Udalak; kontzertuak, haurrentzako ekintzak eta su-festak egongo dira ikusgai, besteak beste. 2006ko Aste Nagusian musika ekitaldiek hartzen dute programaren zati handiena. Agertoki ugari jarriko dituzte hirian zehar, hala nola, Sagüesen, Trinitate plazan, Haizearen Orrazian edota Gipuzkoako enparantzan. Hainbat musika taldek hartuko dute parte; esaterako, Bebe izango da Sagüesen astelehenean, iluntzeko 23.30ean. Chambao, Berri Txarrak, Revolver edo Sorkun izango dira jaietan parte hartuko duten beste zenbait talde. Urtero bezala, su-festak protagonismo berezia hartuko du Donostiako Aste Nagusian. Aurten Ukrainatik, Portugaldik eta Italiatik etorritako enpresek koloreztatuko dute, besteak beste, Gipuzkoako hiriburuko zerua. Odon Elorzak aipamen berezia egin nahi izan die hiritarrek bete beharreko arauei; hala, bada, alkohola neurriz edateko, eta hiria txukun edukitzeko mezua bidali die. Abuztuaren 12an, urtero bezala, Donostiako Klasika txirrindulari lasterketa abiatuko da hiriko kaleetan barrena, eta Boulevardean amaituko da. 15 dira Udalak aurtengo jaietarako antolatu dituen kirol ekitaldiak, hala nola, street basketa, pilota txapelketa edo Zurriolan antolatu duten hondartzako boleibol txapelketa. Bestalde, Donostiako Piratek jai horietarako egitarau alternatiboa esku artean dute jada. Urtero bezala, hainbat eta hainbat gazte itsasoratuko dira jai herritarrak aldarrikatu asmoz hiriburuko uretan barrena.
Bruesa GBC eta Akaba Bera Bera pregoilari
M.U. DONOSTIA Bruesa GBC eta Akaba Bera Berako kirolariak izango dira aurten artilleroa abesteaz arduratuko direnak. Urtero bezala, Donostiako Aste Nagusiari hasiera emateko kanoi-tiroa izango da Alderdi Ederren. Bertan, Bruesa GBC eta Akaba Bera Berako kirolariak egongo dira, beren ahotsez ohikoa bilakatu den artilleroaren doinua abesteko asmoz. Aste Nagusiaren aurkezpen ekitaldian ere toki berezia izan zuten bi taldeek. Akaba Bera Beran kirolari moduan dauden Matxalen Ziarsolo eta Patrizia Pinedo igo ziren lehenik agertokira, eta Bruesa GBCko presidente Miguel Santosek egin zuen jarraian. Akaba Bera Berako neskak pozik agertu ziren Aste Nagusiari hasiera emango dion ekitaldian parte hartu ahal izateagatik. Ez da lehen aldia izango, orain bi urte ere bertan egon baitziren. Era berean, zera aitortu zuten: «Artilleroaren letra ez dakigu ondoegi eta ondo ikasi beharko dugu ordurako». Miguel Santosek parte hartu ahal izatea «ohore» bat dela esan zuen, eta aldi berean aurtengo programagatik zoriondu zituen alkatea eta antolatzaileak.
|