«Errepresaliatuak trukerako txanpon moduan erabiltzen ditu Madrilek»
Asteartean bete zuten David Plak eta Aitor Lorentek epaitegi espainolek jarritako sei urteko kartzela-zigorra, baina, Garzon epailearen aginduz, bi presoek espetxean jarraitzen dute. Bi horiekin gertatu dena, Askatasunaren aburuz, Estatu espainolak preso politikoen aurka mantentzen duen «politika ankerraren beste adibide bat da». Horregatik, errepresioa alboratzeko eskatu zion PSOEren Gobernuari. Hark, aldiz, legerik ez duela aldatuko nabarmendu zuen.
DONOSTIA
Manuel Gimenez Abad PPko senatariaren aurka 2001ean ETAk eginiko atentatuarekin zerikusirik izan zuten frogatzerik ez dagoela-eta, Aitor Lorente, David Pla eta Ainara Esteranen aurka zabaldutako auzia ixtea deliberatua zuen Santiago Pedrazek, baina erabaki hori atzera bota eta Pla eta Lorente ez askatzea agindu zuen asteartean Baltasar Garzonek (oporretan dagoen Pedrazen ordezkoak). Auzitegi Nazionaleko epailearen erabaki horren atzean Estatu espainolaren estrategia ikusi du Askatasunak:«Preso politikoen eta bere senideen aurkako sakabanaketa politika hiltzailea mantendu egiten du eta errepresaliatuak trukerako txanpon moduan erabiltzeko ahaleginetan tematzen da».Bi preso horiekin gertaturikoa gogor salatu zuen atzo amnistiaren aldeko antolakundeak, eta eskatu zuen«bizi dugun prozesu politiko honetan errepresio bide guztiak bertan behera geratzeko eta euskal preso politikoen eta beren senideen kontra aplikatzen den kartzela politika bukatzeko». Era berean, Plaren eta Lorenteren aurka epaitegi bereziak hartutako neurria salatzearren, mobilizaziora deitu du gaur, 20.00etan, Bilboko Alde Zaharreko Zamudioko Atean. Eskaerak eskaera, Gobernu espainolak argi adierazi zuen atzo ere, presoei dagokienez, ez duela legerik aldatuko. «Legeria ez da aldatuko indarkeriazaleekin topo egitearren», esan zuen Justizia ministro Juan Fernando Lopez Aguilarrek. «Indarkeria bultzatzen aritu direnek egin behar dute legezkotasuneranzko bidea, eta legezkotasuna hautsi dutenek edo Justiziarekin zorretan daudenek beren zigorrak beteko zituzte», gaineratu zuen. Senatuko presidente Javier Rojok ere hitz egin zuen auzi honen gainean, eta mezua helarazi nahi izan zien presoei beraiei: «Jakin behar dute hau ez dela guztia ahaztu eta berriro hastea. Egin dutenak prezioa dauka, ez da doakoa». Gobernu espainoleko ordezkariek eta PSOEko agintariek esandakoek, baina, ez dute PP lasaitzen. Ignacio Astarloak galdegin zion Gobernuari presoei onurak emateko plangintzarik baduen Kongresuan ager dezan, eta Eduardo Zaplanak honakoa bota zuen, Xabier Garcia Gazteluren aurkako epaiketetan jazotakoa gogoratuz:«Espainia osoak daki zein den eta- kideen jokamoldea. Egunero ari gara telebistan ikusten».
Garcia Gazteluren bisita
Hain justu, Garcia Gazteluren abokatuak GARAri jakinarazi zion presoa Soto del Real espetxetik A Lamakora (Pontevedra) eraman zutela asteazke- nean, eta, ondorioz, «semearekin zuen bisean bisekoa galdu zuen», egun horretarako baitzeukan hitzartua. Abokatuaren iritziz, kartzela aldaketa horren atzean zigorra dago, presoaren kontrako azken epaiketen inguruan gertatutakoagatik. Besterik ere salatu zuen, ordea: «Bezperan [astearteagatik], ez zioten patiora ateratzen ere utzi. Ondorioz, Soto del Realen bakartuta dauden gainerako kideek itxialdia egin zuten». Preso politikoen eskubideen aldarrikapena egiteko, mobilizazioa beharrezkoa dela uste dute Segik eta EAE-ANVk. Lehenengoak Etxerat-ek biharko hondartzetan antolatu dituen elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin zuen, eta indar abertzaleak gaur arratseko mobilizazioetara (azken ostiralekoak) joateko gonbita egin zuen. Atzo bertan, 23 lagun mobilizatu ziren Berangon eta 50 Txantrean; asteartean, 44 izan ziren Arrasaten eta 250 Zornotzan;eta astelehenean 20 Bermeon, 17 Añorgan, 10 Altzan, 25 Sopelan eta 10 Ataunen.
|