Olaztiko Udalak ez duela idazkari euskaldunik eskatu salatu dute
OLAZTI
Olaztiko Udalak hautaketa prozesu bat abian jarri zuen egungo idazkaria bajan dagoen bitartean lanpostu hori betetzeko, eta prozesu horretan lehen deialdian legeak jasotzen duen bezala Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskatzen bazen ere, bigarren deialdian hizkuntz eskakizunaren aipamena desagertu da, Olaztiko Euskara Batzordeak salatu duenez.Talde horrek azaldu du bigarren deialdi horretan ere ez dagoela inor hautaketa proba gainditu duenik, eta, beraz, hirugarren deialdi bat egin beharko duela Udalak. Horiek hala, Olaztiko Euskara Batzordeak gaitzetsi du, prentsa adierazpen baten bidez, herri hartako Udalak ez duela errespetatu plantilla organikoan agertzen den hizkuntz eskakizuna, eta nabarmendu du udaletxean idazka- riaren lanpostuak «garrantzi handia» duela. «Lanpostu horretarako EGA eskatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu herritarren hizkuntz eskubideak bermatu ahal izateko», adierazi du Euskara Batzordeak. Alde horretatik, «arduraz eta erantzukizunez» jokatzeko eskatzen die Olaztiko Udaleko ordezkariei, eta, bigarrenean egin ez bezala, hirugarren deialdia abian jartzean EGA maila eskatzeko hautagaiei. Batzordeko kideek uste dute Udalak «neurri murriztailea» hartu duela euskararentzat eta euskaldunentzat, eta bere esku zegoela «euskarari eta euskaldunon hizkuntza eskubideei tratamendu duinagoa ematea». Egoerak bere horretan jarraituz gero salatuko dutela iragarri dute.
|