IKAZTEGIETA
Udaran herri askotan gertatzen den bezala, jaien barruan zein jaietatik kanpo, hurrengo larunbatean euskal preso politiko eta iheslarien aldeko eguna egingo dute Ikaztegietan.Jardunaldiari hasiera emateko, espetxeratu ohi batekin hitzaldia izango da eguerdiko 12.00etan, kartzeletako egoeraren inguruan.
Ondoren, 14.00ak aldera, bazkari batek segida emango dio elkartasun egun honi. Janaria norberak eraman beharko du, baina sagardoa egongo da bertan, bai eta bertsolarien parte hartzea ere.
Bazkalondoaren ondotik, herri kirolen txanda izango da Ikaztegietan 18.00etan, eta hainbat koadrila elkarren aurka arituko dira lehian.
Ondoren, 19.00etan, elkarretaratzera deitu dute udaletxe aurrean, betiere preso eta iheslarien aldarrikapenak bat egiteko eta elkartasuna helarazteko helburuarekin.
Egunari bukaera emateko, kontzertua iragarri dute antolatzaileek 23.00etarako, S.A., Nuke eta oraindik jakinarazi ez duten beste talde batekin.